"Ahots bidezko aginduak bideratzeko teknologiak garatu eta hobetzeko ekimena izan zen", azaldu du auzolaneko bultzatzaile Estepan Plazaolak. "Grabazio pila bat behar izaten dira, askotariko ahotsak, adinari, generoari eta doinuari dagokionez", dio.
85 bergarar
Bergarako auzolanean 85 bergararrek parte hartu zuten. Pertsona bakoitzak, ordu laurden batean, euskarazko hainbat esaldi grabatu behar izan zituen. Librezale taldeak bultzatzen duen proiektua Common Voice izeneko ekimenaren baitakoa da. "Proiektu horren barruan, munduko hizkuntza mordo baten baitan garatzen ari dira teknologiak", azaldu du Plazaolak. Ordenagailuari adibide mordoa ematea da helburua, sistema adibide horien gainean ikasten jartzeko. "Horrek balioko du, besteak beste, osoko bilkura baten esaten dena modu automatikoan azpitituluetan izateko, eta modu horretan pertsona gor batek bilkura jarraitu ahal izatea", nabarmendu du Plazaolak.
Mundu digitalak geroz eta presentzia handiagoa du egungo gizartean, eta horrako saltoa egiten ez duen hizkuntzak etorkizun beltza izango du. Hain zuzen, horregatik da garrantzitsua euskarak ere presentzia izatea Common Voice ekimenean, besteak beste.
Online egiteko aukera
Bergaran egindako auzolanean 15 minutuz egon ziren parte hartzaileak grabazioak egiten, baina eginbeharra bikoitza izan zen: batetik, ahotsa grabatzea; eta, bestetik, beste batzuen grabazioak baliozkotzea. Nabarmendu behar da lan horiek etxetik egiteko aukera dagoela, commonvoice.mozzila.org atarian.
Makinei pertsonek nola berba egiten duten erakustea da proiektuaren funtsa, eta ahots sistemak garatu ahal izateko ahots-datu mordoa behar dira. Horregatik, online egin daitekeen proiektuan parte hartzeko gonbidapena egin dute antolatzaileek. Atariak bi eginbehar eskaintzen ditu: batetik, berba egitea; eta, bestetik, entzutea. Hau da, Berba egin botoiari sakatuz gero, zure ahotsa emateko aukera duzu; eta Entzun botoiari emanez gero, gainontzekoen grabazioak baliozkotzeko aukera dago. Erabiltzaile batek grabazio bat ontzat ematen duenean, baliozko moduan agertuko da. Bi balioztapen behar ditu grabazio batek Common Voice-ren datu basera igo ahal izateko.