Bergara Hiria eskubaloi txapelketa jokatuko da bihar, abenduak 4, Labegaraietako kiroldegian. Kadete mailako hiru selekzio arituko dira nor baino nor gehiago: Debagoieneko selekzioa, Gipuzkoako selekzioa eta Errioxako selekzioa.
Hiruko txapelketa izango da: Debagoiena-Gipuzkoa (10:30), Debagoiena-Errioxa (11:30) eta Gipuzkoa-Errioxa (12:30)
Hiruko txapelketa moduan planteatu dute txapelketa antolatzaileek: 10:30ean, Debagoienak Gipuzkoaren aurka jokatuko du; 11:30ean, Debagoienak Errioxaren aurka; eta, amaitzeko, 12:30ean, Gipuzkoak eta Errioxak neurtuko dituzte indarrak. Partidu bakoitzak 40 minutu iraungo du, 20 minutuko zati banarekin; partidu ofizialek 30 minutuko zati bana izan ohi dute, baina antolatzaileek erabaki dute talde bakoitzak bi partidu jokatuko duenez norgehiagoken iraupena murriztea.
Txapelketa, "erakusleiho ona"
Bergarak hiri-gutuna jaso zuela 750 urte bete zirela gogora ekartzeko urteurreneko ekitaldien barruan antolatu zen Bergara Hiria txapelketa, emakume kirolariak aintzat hartu eta euren jardunari balioa emateko. Hain zuzen ere, helburu hori betetzen duela uste du Bergarako entrenatzaile Unai Alberdik: "Garrantzi handia ematen diogu emakumezkoek eskubaloiaz gozatzeko aukera emateari; Bergara Hiria txapelketa erakusleiho ona izan daiteke horretarako". Kadete mailan bigarren urtez ari diren jokalariei lehentasuna emango diete, datorren urtean ezingo dutelako Bergara Hiria txapelketaz gozatu: "Helburua da ahalik eta jokalari gehienek parte hartu ahal izatea".
Unai Alberdi: "Bergara Hiria erakusleiho ona izan daiteke emakumezkoen eskubaloirako"
Aurtengo selekzioko jokalariak
Azken hilabetean zehar, domeketan elkartu izan dira Debagoieneko selekzioko jokalariak, elkar ezagutzeko eta entrenatzeko. Arrasateko, Oñatiko eta Bergarako eskubaloi klubetako jokalariak hautatu dituzte Debagoieneko selekziorako, eta entrenamenduetan hiru klubetako entrenatzaileak egon izan dira; honako hauek osatzen dute aurtengo kadete mailako Debagoieneko selekzioa: Arrasateko Julene Idigoras, Garazi Cobos, Ane Avila eta Maider Martiarena; Oñatiko Maria Celaya, Maddi Urrestarazu, Uxue Mendarozketa, Maialen Altzelai, Valeria Garcia, Nahia Anduaga eta June Zabaleta; eta, azkenik, Bergarako Garazi Kortabarria, Alazne Iñarra, Irati Ziarsolo, Ihintz Diaz de Guereñu, Ane Kerexeta eta Miren Elorza.
Entrenamendu saioak "ederrak" izan direla dio Alberdik: "Polita da ikustea herri ezberdinetako jokalariak eskubaloiaren bueltan gozatzen. Txapelketaren eguna oso polita izan daiteke, kantxan gozatzeaz gain gero elkarrekin bazkaltzeko asmoa dugu eta. Kirolaren lehiaren ikuspegitik oso emankorra izan daiteke, baina baita aspektu emozionaletik ere".
Bergaran, erdiak neskak
Bergarako eskubaloi taldera etorrita, Alberdik azpimarratu du azken urteetan "neska pila bat" batu direla klubera: "Ez dakigu esaten zergatik, baina duela bost edo sei urtetik emakume asko etorri dira. Bereziki, aipagarria da Antzuolatik zenbat jokalari etorri zaizkigun; horrek indar handia ematen digu talde moduan. Urtero lau edo bost neska Antzuolatik etortzea itzela da; aurten, adibidez, entrenatzen dudan kadete mailan hamahiru jokalari gara eta bost antzuolarrak dira. Oso pozik gaude antzuolarren ekarpenarekin".
Gaur egun, lau talde ditu Bergarako klubak: bi talde infantil mailan, talde bat kadete mailan eta beste talde bat gazte mailan. Senior mailan ez dute talderik lortu, nahiz eta aspalditik hori duten helburu garrantzitsuenetako bat moduan: "Saiatzen ari gara, baina ez dugu lortzen. Federaziotik abisatu ziguten senior mailan nesken taldea osatzea oso zaila izaten dela, eta ikusten ari gara horrela dela. Unibertsitateko ikasketak hasten dituztenean gehienek laga egiten dute; urtero ari gara saiatzen ikasketak amaitu ostean, 22-23 urte dituztenean, kantxara buelta daitezela. Oraingoz, ez dute talderik osatu, baina helburu horrekin jarraituko dugu".