Julen Uribeetxeberria: "Egunero lan ezberdinak egiteko aukera dut"

Jone Olabarria 2021ko abe. 3a, 12:35

Gaztetan, udako oporrak aprobetxatuta, hasi zen etxeko negozioan laguntzen, eta, obretako makineriak betidanik erakarri duen arren, pozik aritzen da elektrizitatean.

Aitona-amonek jarri zuen martxan negozioa, eta, gurasoengandik pasa ostean, Julen Uribeetxeberriaren ardura da Oñatiko etxeetan elektrizitate konponketak eta berritze lanak egitea egun. Familiatik datorkion arren, gustuko duen lana da, eta, onerako zein txarrerako, egunero askotariko lanak egiteko aukera baloratzen du.

Gazte-gaztetan hasi zinen arlo honetan lanean...

Ikasketak egin aurretik, udetan laguntzen nuen, aitarekin. Hogei bat urte nituela hasi nintzen buru-belarri lanean. Familia-enpresa izan da hau betidanik; aitonak jarri zuen martxan; gero, nire gurasoek hartu zuten: ama dendan eta aita kanpoko lanak egiten. Orain, amak eta biok daramagu.

Zer da lanbide honek duen onena? Eta okerrena?

Egunero zerbait ezberdina egiteko aukera duzu, askotariko lan eta arazoei egin behar diezu aurre. Esango nuke hori dela onena, baina baita okerrena ere.

Ba al da gorrotatzen duzun lanik? Edo bereziki astuna egiten denik...

Oñargirekin lan egiten genuenean, esaterako, linea jartzera joan behar izaten genuen, eta klabeak oso pisutsuak ziren. Lan gogorra izaten zen hori. Bestela ere, Agustindarretako instalazio osoaren berritzea egin genuenekoa ere bereziki astun gogoratzen dut.

Familiarengandik etorri zitzaizun negozio hau; baina, bestela, zertan lan egin nahiko zenuke?

Egia esanda, ez dut inoiz pentsatu. Betidanik asko gustatu izan zaizkit kamioiak, hondea- makinak eta halako makineria. Fabrikara lanera joan aurretik, esango nuke horretako zerbaitekin lan egin nahiko nukeela.

Dendan gutxi ibiltzen zara, baina zerk du arrakasta handien zuenean?

Normalean, abisuak jaso eta konpontzera joaten naiz ni, eta ama egoten da dendan. Baina asko saltzen ditugu ile-lehorgai-luak, hotzak garbitzeko eskuila elektrikoak eta kafetera italiarrak, betikoak. Gezurra dirudien arren, horiek dira arrakastatsuenak.

Gure kontura egiten al ditugu lan asko? Profesionalen laguntza barik...

Askotan etortzen da jendea etxean zaharberritzeren bat egiten dabilela eta material bila. Asmoa bai, baina gero, ez dute jakiten ondo nola egin, eta laguntza eske etortzen dira.

Oñatiarra izanda, zer baloratzen duzu gehien herritik?

Asko gustatzen zait mendi inguruaz eta natura parajeez gozatzea. Hemen Oñatin aukera paregabea dugu horretarako, eta, askotan, ez dugu baloratzen gurean duguna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak