Ekologismoa, energiak, burujabetza teknologikoa, ekonomia zirkularra, klima aldaketa edota adimen artifizialaren bidetik, domekan amaitu ziren aurtengo Zientzia, Berrikuntza eta Teknologia (ZTB) jardunaldiak. Herritarrak zientziara gerturatzeko ekarpena egitea eta zientziaren eragin zuzena egunerokotasunean ikusaraztea izan dira helburu nagusiak; Bergarako Udalak prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, "jarritako helburuak beteta" eman dute amaitutzat zazpigarren edizioa.
"Sona eta prestigio handiko" hizlariak izan dira, udalaren hitzetan, aurtengo egitaraua osatu dutenak. Besteak beste, fisika kuantikoak eguneroko bizitzan duen eragina aztertu zuen Ricardo Diez Muiño edota ekologismo errealaren inguruan ekarpena egin zuen J.M. Mulet. Horrez gain, aurtengo edizioan "indar berezia" jarri da gazteei zuzendutako jardueretan. Ikastetxeen bitartez egin diren tailerrekin batera, bailarako ikertzaile gazteak etorkizunaz hitz egiteko baliagarri den Encounterra berreskuratu da.
Bergarako Udalak jardunaldi hauei "balio erantsia" ematen dion ezaugarrietako bat ere azpimarratu nahi izan du: elkarlana. Izan ere, udalarekin eta Laboratorium Museoarekin batera, 17 eragile aritu dira edizio honetan lanean.
Erakusketa, ikusgai
Jardunaldiak bere baitan amaitu diren arren, herritarrek oraindik badute non aukeratu. Alde batetik, Seminarixoan egin diren hitzaldi eta mahai-inguruak ZTB jardunaldien webgunean daude ikusgai. Bestetik, jardunaldien barruan zabaldutako Hidrogeno berdea klima aldaketaren konponbidea? erakusketa ikusgai dago Laboratorium Museoan otsailaren 15era arte.