Senegalgo Dionewar herriaren eta Bergararen eta Debagoienaren arteko harremanak sendotzeko urrats berriak egiten ari dira Ndank Ndank elkartea eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Izan ere, Diputazioak finantzatu duen elkarbizitza eta elkartasun programa baten barruan, Debagoienean bizi diren senegaldarren, Dionewarko biztanleen eta debagoiendarren arteko "elkar ezagutza, kulturartekotasuna eta lankidetza" bultzatzeko ekintzak antolatu ditu, baita migrazioari buruzko hausnarketarako ekintzak ere.
Hain zuzen ere, 2021ean askotariko ekintzak burutu dira Debagoienean; besteak beste, ikastetxeetan hainbat lanketa egin dira, Kulturartekotasuna modan proiektua zabaldu zen maiatzean eta Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko ikasleekin elkarlanean sortu zen Teranga dokumentala ere eskaini zuten ekainean.
Euskal kultura, bertatik bertara
Ceed Sangomar elkarteko lau gazte etorri dira bisitan ekimenaren barruan; atzo iritsi ziren, eta abenduaren 4an itzuliko dira. Ndank Ndank elkartekoek adierazi dutenez, "era guztietako ekintzak" gauzatuko dituzte. Alde batetik, euskal kultura ezagutzeko aukera izango dute: aizkolari txapelketa, euskal dantza, esku pilota, erraldoi taldeari bisita eta Ttakun elkartearekin txalaparta tailerra izango dituzte, esaterako. Baserri eremua ere ezagutuko dute, eta, hori guztia gutxi balitz, Pasaiako Albaola ere ezagutuko dute, euskal ontziola eta arrantza ezagutu eta Senegalgo arrantza egoeraz hausnartu dezaten. Pasaiara egingo duten bisita baliatuko dute, aldi berean, herri hezitzaileen Oinherri proiektua ere ezagutzeko; Bergara sare horretan dago.
Hezkuntza eta lan mundua
Gainera, lau gazteek hezkuntza entitateekin ere elkartrukeak egingo dituzte. Alde batetik, MUko Galarretako eko-teknologiako ikasle eta irakasleekin bi programa egingo dituzte. Galarretako ikasleak Dionewarrera eramango diren plastikoa txikitzeko eta eraldatzeko makinak sortzen ari dira. Makina horiek erakutsiko dizkiete, baita ordenagailuko hainbat software erabiltzen irakatsi ere. Bestalde, MUko irakasleekin Eureka Zientzia Museoa eta Basque Culinary Center bisitatuko dituzte. Horrez gain, Bergarako Miguel Altuna Lanbide Heziketa zentroan ere egongo dira.
Lan mundura gerturatzeko, Oñatiko Elkarzabal elkartearen ortu proiektua ezagutuko dute eta Fagor Industrialen fabrika bisitatuko dute. Fatou Diang gazte senegaldarrak Bilbon zabaldu duen Ker Fatou dendara ere egingo dute bisita, eta baita Bergaran bizi diren aniztasun funtzionala duten bi gazte senegaldarrei ere, Bergarako Aspace zentrora. Elikagai bankuan arituko dira, boluntario gisa, goiz batez. Migrazioaren aferaz hausnartzeko, pelikula bi eskainiko dituzte Irizar jauregian: azaroaren 19an, Binta y la gran idea film laburra proiektatuko dute, 18:00etan; abenduaren 2an, berriz, Origen filma ikusi ahalko da, 18:00etan.
Goiena ere bisitatuko dute
Lau gazteetako bat kazetaria denez, Goiena Komunikazio Taldearen Arrasateko egoitza ere bisitatuko dute, azaroaren 24an. Ndank Ndankekoen arabera, "esperientzia ikaragarria" izango da lau gazteendako: "Halako proiektu baten baitan izango ez balitz, oso zail izango lukete. Europarako bisa lortzeko tramitazioa oso konplexua da. Abenduaren 4an motxila esperientzia aberasgarriz beteta bueltatuko dira eta hemen ikasitakoa eta euren hausnarketak gainontzeko gazteekin konpartituko dituzte".