Prentsa-ohar bidez helarazi du ELAk "ezkutuko erraustegi bat" izango dela Bergarakoa, paper fabriketako hondakinak birziklatu edo beste modu batera tratatu beharrean erre egingo dituztelako: "Urtean 155.000 tona erre ahal izango dira eta Zubietako erraustegiak 200.000 tona erretzeko gaitasuna du".
Gaur egungo "krisi klimatiko eta ekologikoaren aurrean" halako instalazioek ez dutela lekurik uste dute: "Alternatiba hondakinak gutxitzean datza: ekoizpenean neurriak hartu behar dira horrenbeste hondakin ez sortzeko". Horregatik, ekonomia zirkularra bultzatzean oinarritu beharko litzatekeela industria-politika adierazi du sindikatuak, eta onartezina dela bakarrik bultzatzea internazionalizazioa eta fiskaltasuna jaistea: "Zaldibarko zabortegia behera etorri ondoren hondakin industrialentzat eman den lehen aukera erraustegi bat izatea larria da; Europako ingurumen eta hondakin politiken guztiz aurka doa". Eta gaineratu dute Arantza Tapia COP26 goi bileran izan dela Glasgow-n klima aldaketaren aurkako jarrera erakusten eta hemen larrialdi klimatikoa areagotuko duen instalazio bat bultzatzen dabilela.
Proiektuaren berri komunikabide bidez jaso izana ere salatu du ELAk: "Beti bezala, Eusko Jaurlaritza ezkutuan jokatzen du informazioa ematerakoan, eta medioak erabiltzen ditu propaganda egiteko".
Ingurumenarentzat zein osasunarentzat kaltegarriak direla erraustegiak gaineratu dute: "Baita Bergaran iragarritako pirolisi instalazioa ere". Horregatik, herritarrek azaldu duten "kezkarekin eta kontrako jarrerarekin" bat egin dute, eta instalazioa geldiarazteko mobilizazioetan parte hartuko dutela iragarri.