Mukuru jaia hartuko du kartzela zaharrak bihar, 18:00etan eta 22:30ean. Kartela ikusi besterik ez dago jaialdi berezia datorrela ondorioztatzeko; izan ere, Mukuru kolektiboko zazpi artista edo musikari etorriko dira bihar Bergarara. Hasiera baten, bederatzi ziren kartela osatzen zuten taldeak, baina Txost! eta Kaskezur ezingo dira egon, eta zazpi izango dira artista gonbidatuak. Arratsaldeko saioan, 18:00etatik 21:00etara, Paxkal, Hatxe, Nigara Zuek eta Birkit –Mukuru kolektiboan sartu den azken taldea da eta debuta egingo du bihar–.
Gaueko emanaldian, 22:30etik 01:00etara, Muskulo, Klak!son eta Hegazkin izango dira protagonista; Urretxu eta Bergara arteko Hegazkin taldeak, gainera, irudiak nahasten aditua den Jokin Guridi Gvridi bergararra izango dute ondoan. Saio bakoitzerako sarrera bost euro ordaindu beharko da, kartzela zaharrean bertan, emanaldiak hasi baino ordubete lehenago.
Jaialdiaren hirugarren aldia
Mukuru jaiaren hirugarren edizioa izango da zapatukoa, pandemia hasi zenetik egiten den lehena. "Aurreko biak Urretxun eta Oreretan egin ziren, baina ez ditugu sekula horrenbeste talde elkartu. Jaialdiko nobedade nagusiak bi izango dira, bereziki: batetik, Birkit taldeak debuta egingo duela eta, bestetik, Jokin Guridiren proiekzioak egongo direla. Biharko kartelaren balio handiena aniztasuna da, askotariko estiloez gozatzeko aukera egongo da eta. Mukuru osatzen dugunok elkarlana eta elkartasuna ditugu oinarri eta hori jaialdian islatzen ere saiatuko gara", adierazi du Hegazkin taldeko Alayn Carazo Iturriaga bergararrak.
Hegazkin: azkenak oholtzan
Carazo Iturriaga eta Iosu Isaias Villanueva Isuo batzen dituen Hegazkin taldea taulara igotzen azkena izango da bihar: "Laguna dugun Jokin Guridiren proiekzioekin jantziko dugu gure emanaldia. Izan ere, Guridi ari da gure kantuei irudiak jartzen bideoklipetarako, eta zapatukoa horren guztiaren erakustaldi bat izango da, inprobisaziorako tarte bat ere utzita. Gure elkarlanaren zuzeneko isla bat izango da, nolabait esatearren". Ekainaren 3an eman zuten lehen kontzertua, Seminarixoan, eta, ordutik emanaldi askorik egin ez badituzte ere, "oso gustura" daude orain arteko hegaldiekin: "Kontzertuak ari gara lotzen eta diskoak harrera ona izan du, oro har. Bideoklipek ere harrera ona izan dute eta Guridiren irudiek gure abestiak indartzen dituzte", dio Carazok. Sintetizadoreen abioiaren hurrengo geltokia Oñatiko Antixena gaztetxea izango da, azaroaren 28an, eta Durangoko Azokan Mukuru eta Balio Dute kolektiboek partekatuko duten standean diskoa salgai jarriko dutela aurreratu dute.
"Gertu, mukuru gara"
Baina zer da Mukuru kolektiboa? Mukuru.eus webgunean azaltzen dutenez, "lagun talde bat" dira: "Musikak zeharkatzen gaituen lagun talde bat gara. 2018an hasi ginen elkartzen, hemengo eszenan izateko, egiteko, partekatzeko eta bizitzeko era komunen bila. Ez gara handi, baina gertu, mukuru gara". Musika munduan gaur egun dagoen lehiakortasunaren gainetik, elkarlana eta taldeen arteko babesa lehenesten dute Mukuru kolektiboko taldeek. Hegazkinez gain, badago Debagoieneko beste ordezkaritzarik; izan ere, Antzuolako Klak!son ere Mukuruko parte da; euren laugarren diskoarekin lanean buru-belarri ari direla, lehen aldiz joko dute bihar Bergaran.