Funts horien kargura finantzatutako programek 2021eko uztailaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitarteko gauzatze-aldia hartuko dute. Espainiako Gobernuak 891.542,66 euroko ekarpena egingo die udalei, genero-indarkeriaren aurkako Estatu Ituna garatzeko.
PSE-EEk Bergarako Udalean duen bozeramaile Alberto Alonsok Udal Gobernuarekin elkarlanean aritu nahi du funtsak bideratzeko, ekintza adostuen bidez, biktimen egoerari aurre egiteko eta indarkeria matxistaren aurrean herritarrak sentsibilizatzea sustatzeko. Bere ustez, Estatuko Itunean bildutako jarduerak bezalako kontuzko gaia ezin dute arbitrariotasun eta planifikaziorik ezak markatu behar; hori dela eta, funtsetan parte-hartze handiagoa eta kudeaketa gardenagoa izatea eskatu du.
Baliabide ekonomikoekin hornitzearen garrantzia
"Genero-indarkeriaren aurka borrokatzeko, garrantzitsua da baliabide ekonomikoekin hornitzea", esan du Alonsok, eta azpimarratu du Espainiako Gobernuak tokiko erakundeei emandako laguntzen bikoitza bideratu duela aurten, 20 milioi eurotik 40ra pasatuz Bergarako gizartean ere dagoen arazo horren aurka borrokatzeko. Ildo horretan, gogorarazi du Bergarako bizilagunak oso sentsibilizatuta daudela aldarrikapen feministaren alde, "egiaztatu ahal izan zen bezala, uda honetan, ustez bi emakumeri jasandako talde-bortxaketaren ondorioz".
Era berean, esan du garrantzitsua dela funtsak udalei bideratzea, herritarrengandik gertuen dauden erakundeak baitira; hots, genero-indarkeriaren biktima lehen ikusten eta atzematen dutenak. "Horrela, Pedro Sanchezen gobernuaren estrategiak, zalantzarik gabe, indarkeria horren aurkako borroka bultzatzen du, erakunde horiei finantza-baliabide nahikoak emanez tratu txarrak jasaten dituzten emakumeak eta adingabeak hobeto babesteko neurriak garatzeko, eta, horrez gain, berdintasunean hezteko eta prestatzeko tailerrak eta kanpainak bultzatzen ditu. Horrela soilik jarri ahal izango dira abian emakumeen eta haien seme-alaben bizitza eta eskubideak bermatzeko neurriak".
Genero-indarkeria prebenitzeko kanpainak egitearen alde
Alonsok esan duenez, jasotako funtsak genero-indarkeriari buruzko Estatuko Itunaren neurriak garatzeko programak edo proiektuak egiteko erabil ditzakete udalek, besteak beste emakumeen aurkako edozein genero-indarkeria prebenitzeko eta sentsibilizatzeko kanpainak egiteko eta gai horri buruzko informazioa emateko materialak egiteko. "Lankidetza eta koordinazio-tresnak susta ditzakete, Laguntza Unitateek beren eginkizunak gauzatzen lagun dezakete eta emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei arreta eta informazioa emateko udal-zerbitzuak indartu ditzakete. Era berean, tokiko profesionalen etengabeko prestakuntza espezializatura bideratutako jarduerak egin daitezke, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan eta emakumearen aurkako indarkeria-moduetan".
Azkenik, nabarmendu du Pedro Sanchez buru duen Espainiako Gobernuaren konpromisoa indarkeria matxistaren aurka borrokatzea dela eta izango dela, gaitz hori desagerrarazteko Estatuko Ituna giltzarritzat jo du.