Lupe Garcia: "Gizonen estetikarekiko aurreiritzia gainditu da"

Jone Olabarria 2021ko aza. 5a, 13:13

Azken tratamenduak eskaintzeko inbertsio handiak egin behar direla aitortu du, baina bezeroaren esentzia mantenduz emaitzarekin gustura ikustea merezi duela dio Lilura estetika zentroko Garciak.

Urteen poderioz, lantaldea handituz joan da Lupe Garcia, baita bezeroak fidelizatzen ere. Bergararrekin nahiko lan ez balu bezala, bada Azpeititik edo Legazpitik etortzen zaionik ere. Hala ere, argi du bere pasioa dela, eta, 40 urteren ostean, berritzen jarraitzeko gogoz da.

Bergaran leku pribilegiatuan duzue zentroa, erdigunean...

Bai; duela urte asko hasi nintzen arlo honetan lanean; hasieran, nire etxean. Apurka-apurka, bezero kopurua handitzen joan zen eta nire gurasoena zen etxe honetara ekarri nuen zentroa, Bidekurutzeta kalera. Bi gelarekin hasi, eta etxe osoa hartu dut, azkenean.

Emakumeak ala gizonak? Zer duzue gehiago zuen bezeroen artean?

Ba, esango nuke gaindituta dagoela jada gizonekiko estigma estetikaren arloan. Hala ere, badago ezberdintasuna: depilazioetara bai gizonak bai emakumeak etortzen dira, baina silueta birmoldatzeko tratamenduetara edo koipe murrizketetara ez dira askorik animatzen oraindik gizonak.

Hainbeste urterekin negozioan, zer maite duzu gehien?

Esango nuke bezeroekin dugun tratua, bezeroak tratamendua jaso ostean pozik egotea.

Okerrena? Ordutegia, agian...
Gure kasuan, langile bakoitzak ordutegi bat du ezarrita, eta hori betetzean listo; hortaz, esango nuke ez dela horren astuna egiten. Inbertsioak dira okerragoak; estetika arloko gailuek prezio oso altua izaten dute eta punta-puntako teknologia izateko berritzera behartuta gaude.

Bezero onak al dira bergararrak?
Bai, baina denetik dugu. Arrasatetik, Oñatitik, Antzuolatik asko etortzen zaizkigu, baita Azpeititik eta Legazpitik.

Alboko herrietatik uler nezake, baina Azpeititik...
Ahoz aho zabaltzen dira halakoak, badakizu... Seinale ona da, gustuko duten seinale.

Mikropigmentazioaren kasuan, adibidez, jendeak ez al du beldurrik? Gaizki geratzen bazaio, zer?
Azken batean, kolorea ematea bezala da, tonutxo apur bat. Baina ez da betirako, denborarekin desagertzen joaten da. Eta, gainera, aurretik azterketa egiten da beti, tratamendu guztiekin, nola geratuko den ikusteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak