Ostegun arratsaldea, Loiu. 14 pilotariz eta teknikariez osatutako euskal selekzioa Europako Junior Pilota Txapelketara daramatzan hegazkinera igotzear. Hegazkineratzean, COVID-19aren aurkako bi txertoak jaso izanaren QR kodea eskuan. Bi txertoak gorputzean. Baina kodeak huts. Teknikariak ahalegindu arren, kodeak huts. Taldekideak agurtu, hegazkinera igotzen ikusi, eta Bergarara buelta.
Hori izan zen, hain zuzen, atzo arratsaldean Maddi Barrocal pilotari bergararrak bizi izan zuen trantzea. Euskal Selekzioaren deialdian sartu, eta Europako Junior Pilota Txapelketan "gozatuz gozarazteko" zuen ilusioa bertan behera gelditu zitzaion Loiuko Aireportuan. Gurasoek GOIENAri adierazi dioten bezala, teknikariek egin zuten ahalegina kodea berriz deskargatzen, baina sistemaren arazoa tarteko, ez zitzaion iraila hasieran hartutako txertoaren bigarren dosia jaso izana azaltzen.
Bigarren aukera
Bergarara itzuli, Osakidetzan agiria eskuratu, eta teknikariek eman zioten bigarren aukera: bakarrik hegazkina hartu, Parisen eskala egin, eta iluntzean Franeker-eko ostatura iristea. Gurasoek GOIENAri azaldu bezala, "ez zen erabaki erraza izan, baina 15 urteko kirolari batek bidaia hori bakarrik egitea gehitxo iruditu zitzaigun". Alabaina, gurasoek eskerrak eman nahi dizkiete euskal selekzioko teknikariei, lehen unetik izandako tratua eta prestutasuna tarteko.
Barrocalek, beraz, ezin izango ditu kantxan bere doaiak erakutsi. Hala ere, ez dio euskal selekzioaren parte izatearen "harrotasunari" uko egin nahi, eta igandean selekzio kideei ongi etorria egitera joango da Loiura.