Maddi Barrocal bergararra, Herbehereetara euskal selekzioarekin

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko urr. 21a, 09:28

Atzoko aurkezpena; goian, eskuinetik bigarrena, Barrocal. Argazkia: Aitor Erauskin.

Europako Junior Pilota Txapelketa jokatuko da Franeker-en (Herbehereak), eta euskal selekzioarekin joan den pilotarietako bat da Maddi Barrocal gazte bergararra. "Esperientziaz gozatzea" eta, ahal den heinean, "gerra ematea" dira helburuak. Gaur, urriak 21, hartuko du hegaldia Loiun, arratsaldean.

Abenduaren 20an beteko ditu 16 urte Maddi Barrocalek (Bergara, 2005), eta dagoeneko bigarren aldiz hartuko du parte Europako junior mailako pilota txapelketan. Atzo arratsaldean hartu zuen hegaldia, Loiun, eta domekara bitartean hainbat partidu jokatuko ditu: "Ahalik eta joko politena egin eta gozatuz gozarazteko helburuarekin joango gara. Eta, bide batez, gerra eman eta irabazterik badugu, ezin hobeto! Ziur lagun asko ere egingo ditugula... Indartsu eta sasoiko nago Herbehereetan ahalik eta lanik onena egiteko".

"Oso harro nago selekzioarekin joateaz"

Bi urtean behin jokatzen da txapelketa, eta aurten Italiak, Belgikak, Herbehereek, Ingalaterrak, Valentziak eta Euskal Herriak hartuko dute parte. Hiru modalitatetan lehiatuko dira: llargues, wallball eta joko internazionala izenekoak. Eta bigarrenez jantziko du elastiko berdea Barrocalek: "Oso harro nago selekzioarekin joateaz; hautatua izan naizenetik astean birritan entrenatzen gara, Oiartzunen eta Diman".

Euskal pilota selekzioa zazpi mutilez, zazpi neskaz –Barrocal tartean– eta bi hautatzailez egongo da osatua. Atzera eginda, betidanik gozatu du izugarri pilotan: "Txikitatik asko gozatu dut pilotan jokatzen. Zoriontasuna eta poztasuna dira pilota niretzat; nire bizitza da, beti eramango dut pilota bihotzean. Hamar urte daroatzat pilotan jokatzen, 6 urterekin hasi nintzen eta. Asko ikasi dut eta jende zoragarria izan dut ondoan. Asko daukat ikasteko, espero dut bide luzea izatea".

Hain zuzen, pilotari esker bizitako esperientzia bereziena duela bi urte selekzioarekin Portugalera joatea izan zen: "Selekzioak 13 urterekin hautatu ninduen; ez dut sekula ahaztuko Portugalen bizitakoa. Esperientzia izugarria izan zen, eta garrantzitsuena: talde moduan oso ondo funtzionatu genuen".

Datozen erronkak

Herbehereetatik bueltan, Arrate Bergararekin jokatzen ari den Gipuzkoako binakako txapelketa, emakumeen Master Cup txapelketa eta Bergara Hiria izango dira hurrengo erronkak: "Oso gaztea naiz eta asko dut hobetzeko, baina profesionaletara jauzi egitea litzateke nire ilusio handiena. Bestalde, pozten naiz gero eta emakume gehiago ikusteaz frontoietan, horrela jarrai dezala. Emakume guztiak animatzen ditut probatzera".

Selekzioarekin aurkezpena, atzo

Franeker (Herbehereak) hirian jokatuko da asteburuan zehar Europako Junior Pilota txapelketa. Barrocal wallball eta joko internazionala izeneko modalitateetan lehiatuko da: "Sasoiko nago, indartsu. Espero dut gerra emateko moduan egongo naizela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak