Hitzarmena sinatuta, urrats berria Bergararen eraldaketa sozialerako bidean

Jon Irizar Aranguren 2021ko urr. 21a, 16:46
Bergararen eraldaketa sozialerako hitzarmenaren sinadura ekitaldia (Argazkia: Bergarako Udala)

Bergarako Herri Proiektua eta eraldaketa soziala proiektua lantzeko urrats berria egin dute Bergarako Udalak, Olatukoop-ek, MU-HUEZIko Lanki Ikertegiak eta D2030 egitasmoak. Ardatz nagusiak definitu dituzte, bai eta lan ildo zehatzak xehatu ere. Aste batzuk barru egingo dute aurkezpen publikoa.

Pandemiak eragindako urtean hainbat prozesu jarri dira abian egoerari herri ekimenetik erantzuteko; besteak beste, zaintza sarea, kultur mahaia, tokiko ekonomia, lehen sektorea eta elikadura burujabetza sustatzeko dinamikak zein herri hezitzailea prozesua. Bada, "egituratu gabeko prozesu horien indar, elkarlan eta ekintza soziala baliatuz, modu iraunkor eta egonkor batean eraldaketa soziala bultzatzeko" hitzarmena sinatu dute Bergarako Udalak, Olatukoop-ek, MU-HUEZIko Lanki Ikertegiak eta D2030 egitasmoak. 

Irailean Hemen Debagoiena saioan jaso bezala, Bergarako Herri Proiektua eta eraldaketa soziala proiektua garatzeko "beste urrats bat" da emandakoa. Sei ardatz nagusi definitu dituzte: norbanako eta eragileentzako formazio eta saretze ekintzak antolatzea, gai ezberdinen inguruko ekintza espezifikoak egitea, Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat datozen ekintzak ahalbidetzea, proiektu berrien identifikazio eta sustapena, aholkularitza ingurumen gaietan, eta eraldaketa sozialeko bulegoa sortzea tresna gisa.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren laguntzak 30.632,68€ emango dizkio proiektuari. Bergarako Udalak, aldiz, 80.000€ inbertituko ditu; 40.000€ 2021ean, eta beste hainbeste 2022an.

Lau ertz, beste hainbeste eginbehar

Hitzarmenaren sinatzaileetako bakoitzak eginbehar bat izango du proiektuan. Udala bulegoaren arduraduna izango da; D2030 egitasmoak eskualde mailako dinamikak Bergarako bulegoarekin elkarlotuko ditu; prozesuaren eta bulegoaren diseinua, dinamizazioa eta bide-laguntza gidatuko ditu Olatukoop-ek; eta azkenik, MU-HUEZIko Lanki Ikertegia formazio prozesuez zein lan metodologiez arduratuko da.

Herritarrei aurkezpena

Proiektuaren lehen oinarriak ezarri diren arren, "une honetan ez dago zehaztasun gehiago emateko moduan". Ondorioz, "urria amaiera aldera" aurkezpen publikoa egitea da hitzarmenaren sinatzaileen xedea, herritarrek proiektua ezagutu dezaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak