2022rako zergak eta tasak ez igotzeko eskatu du Bergarako EAJk

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko urr. 21a, 15:49

EAJko Angel Murgiondo, Irune Galarraga eta Martin Etxaniz, batzokian.

Datorren urriaren 25eko osoko bilkuran landuko diren gaien artean egongo dira 2022rako ordenantza fiskalak. Bergarako EAJk zergarik eta tasarik ez igotzea eskatu dio EH Bilduren Udal Gobernuari, "osasun krisiari" aurre egiteko: "Ekonomia biziberritzea dugu helburu eta ez dugu uste zergak eta tasak igotzeko momentua denik".

Udal Gobernuak aurkeztu duen zirriborroa aztertu ondoren, hainbat hutsune eta hobetu daitezkeen hainbat neurri aurkitu dituzte jeltzaleek: "Gobernuak proposatzen duen %3,3ko zerga igoeraren aurrean argi dugu onartezina dela, eta, horregatik, 2022rako inongo igoerarik ez egitea proposatzen dugu. Izan ere, COVID 19ak eraginez, hilabete zailak bizitu dituzte herritarrek, autonomoek zein enpresek, ostalariak,… Eta, hau ez da oraindik amaitu, hilabeteak beharko dira egoera bere onera etortzeko. Bergarar guztiek ahalegin handia egin dute eta orain arnasa emateko momentua iritsi da", adierazi du Irune Galarraga zinegotziak.

Honako hauek dira asteleheneko bilkuran jeltzaleek aurkeztu dituzten emendakinak:

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga: Landa-eremuan bizi diren bergararrek egiten duten ahalegina kontuan hartzea nahi dute jeltzaleek: "Baserritarrek eta abeltzainek lan handia egiten dute euren egunerokoan; landa-eremuetan erreferente dira. Horretarako, % 95eko gehieneko hobaria proposatzen dugu zerga horretan, baserri batean bigarren etxebizitza egiteagatik, gure landa sektorearen eta historiaren ondare direlako. Hobari hori lortu ahal izateko, eskatzailea, zinpeko idatzi baten bitartez, obra bukatzen denetik urtebeteko epean bigarren etxebizitzan norbait erroldatzera konprometitu beharko da, eta ondorengo lau urteetan erroldatze hori mantentzera".

Zerbitzu publikoak eskaintzearen eta jarduerak burutzearen gaineko zerga: Urteko abonatuen jaitsiera  ikusita –2020an 258 eta 2021ean 231 bazkide izan ziren, diotenez– erabiltzaileen fideltasuna saritzea beharrezko ikusten dute: "Urteko abonatuari hiru hilabeteko hobaria eta hilez hileko abonatuari hiru hilabetez jarraian egiten duen erabiltzaileari laugarren hilean 100% hobaria egitea proposatzen dugu".

Udal jabari publikoa:

  • Udalerrian ikus-entzunezkoren bat grabatzeagatik ia ezarri zen tasa kentzea: "Ikus-entzunezko produkzioei bultzada bat ematea litzateke helburua".
  • Terrazak: "%100eko hobaria mantentzea 2021ean egin den moduan, ostalaritzari bultzada ematekoa eta sektorea berraktibatzeko". 
  • Mahaiak eta aulkiak: "Egiteke dagoen lagapenerako materialen zerrenda garatu eta adostu ondoren dagozkion prezioa ezartzea proposatzen dugu. Ez dugu uste, lanketa hau egin gabe preziorik ezarri daitekeenik. Alegia, lagatzen diren materialen zerrenda egin eta ondoren azterketa orokor bat egitea proposatzen dugu, mahai bat eratuz".

Zerbitzuak eskaintzeagatik zerbitzu publikoak: "Ez dugu bidezko ikusten azokako ludotekako erabiltzaileek % 100ko hobaria izatea eta Angiozarko eta Osintxuko erabiltzaileek hobaririk izan ez eta ordaintzen jarraitu beharra. Horregatik, ludoteketan % 100 hobaria ezartzea proposatzen dugu, inongo diskriminaziorik ez sortzeko herritarren artean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak