Arcelor Mittalen geldialdiak egiteko erabakia salatu du LABek

Eneko Azurmendi Barrena 2021ko urr. 16a, 10:38

Arcelor Mittalen Bergarako lantegia. Argazkia: Google Maps.

Argindarraren garestitzea dela eta, enpresak "geldialdi laburrak eta selektiboak" egingo ditu Bergaran eta Olaberrian dituen lantegietan eta LAB sindikatuak salatu du ez duela inongo jakinarazpenik jaso enpresaren partetik. "Halako neurririk hartu behar badu, lotsagarria da langileei ezer aurreratu aurretik komunikabideetara jotzea. Geldialdi patronal bat egin nahi badu, enpresak ordain dezala".

Arcelor Mittalek jakinarazi du argindarraren prezioak "eragin handiena" duen ordu jakinetan etenak egiten hasi dela dagoeneko enpresaren Europako hainbat lantegitan eta Bergaran eta Olaberrian ere neurri bera hartuko du.

Sindikatuak gaineratu du erabaki horrek ez duela "inolako justifikaziorik", multinazional handiek abiatu duten xantaia estrategia dela nabarmenduz: "Geldialdien mehatxua Gobernuak argindarraren kostua jaisteko eta lan kostuak jaisteko erabili nahi dituzte. Familia asko larrialdi egoeran egondakoan alderdi politiko askok ez dute ezer esan, eta lotsagarria iruditzen zaigu multinazional batzuen mehatxuaren aurrean jarrera oldarkorra izatea, EAJk egin bezala".

Era berean, dio, multinazional handiek duten botere mailaren "erakusle garbia" dela hori, ate birakarien kasuan era garbian erakusten dena. "2021eko lehen sei hilabeteetan Arcelor Mittalek 5.322 milioi euroko irabazi garbia izan du. Azken 13 urteetako emaitzarik onena izan du Arcelor Mittalek". Hori hala izanik, LABek uste du "sobera irabazi" poltsikoratu duela enpresak urte hauetan, langileei ez ordaintzeko. "Onartezina da LABentzat. Etxean eta lanean ordaindu behar dute langileek argindarraren garestitzea? Lehentasunezkoa pertsona ororen gutxieneko bizi baldintzak, energia kontsumoa barne, bermatzea da".

Azkenik, azpimarratu du Euskal Herriaren burujabetza beharra "nabarmen" gelditu dela berriro ere eta LABek lantokietan enplegua eta lan baldintzen "defentsa irmoa" egingo duela "multinazionalaren balizko erasoen aurrean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak