Nola hartzen duzu erronka berria?
Ilusioz eta oso gogotsu. Gaztelekuak espazio kutunenak dira niretzat. Esperientzia pilotu bat da sexu aholkularitza, gazteleku barruan txertatuko dena; hau da, gaztetxoekin harreman zuzena izango dut. Bide berri bat abiatu dugu; ikusiko dugu zer eskatzen duten, nola hel gaitezkeen gaztetxoak eroso galdetzera, eroso berba egitera.
Aipatu duzu zure espazio kutunenak gaztelekuak direla. Zergatik?
Nerabezaroa bizitzako oso une inportantea delako, helduengandik aldendu eta norbera sortzen hasten den unea. Eskola autoritate bihurtzen da eta gurasoak ez dira izaten sexuaz berba egiteko elkarrizketa-kideak. Aldiz, gaztelekuetako hezitzaileek lortzen badute benetako lotura garatzea, askoz errazagoa izaten da gaiaz hitz egitea. Elkarrizketa sakonak eta oso indartsuak izaten dira eta uste dut leku oso aproposak izan daitezkeela sexu heziketa baterako.
Urriaren 1ean saio bat bat egin zenuten. Zer moduz joan zen?
Hezitzaileak izan ohi dira nerabeen erreferenteak, eta inportantea da hezitzaileek ere formakuntza txiki bat jasotzea. Hezitzaileak ezagutu ostean, galdetu nien zeintzuk diren nerabeen jakin-minak eta interesak. Saiatu behar dugu gaztetxoei ulertarazten ze unetan dauden eta nola kudeatu behar dituzten mugitzen zaizkien gauzak.
"Sexuaz bolo-bolo ari arren, falta dira zorroztasun minimo batekin hitz egiteko lekuak"
Gauza asko mugitzen dira-eta adin tarte horretan, ezta?
Ideia berri asko etortzen zaizkie, jende berri asko ezagutzen dute, sare sozialen eragina itzela da... Gustuko lehen pertsonak agertzen dira edo horiekiko sentipenak indartu egiten dira; laguna den edo zerbait gehiago; lehenengo sedukzio zantzuak datoz, lehen musuak; eta lehen gozamen uneak eta lehen ezinegonak... Zalantza eta kezka asko, gehiegi.
Zein da nerabeek sexuaren bueltan duten gabezia nagusia?
Kontrastearen falta, bereziki. Zeinek zer eta nondik esaten duen oso inportantea da nerabeendako, iturria ondo identifikatuta izatea. Eta hori falta izaten zaie askotan; sexu heziketa hortik abiatzen dugu. Sexologia, oso berria den zientzia... Orain dela gutxira arte entzuten aritu gara sexua tabua dela. Hori gainditu egin dugu, sexuaz bolo-bolo ari gara. Identitatea, erotika eta sexu harremanak asko normalizatu dira, baina sexuaz zorroztasun minimo batekin hitz egiteko lekuak ez daude oraindik. Bereziki, gazteek sexuaz lasai eta parez pare hitz egiteko zerbitzu gehiago behar dituzte. Eurendako erreferenteak izango diren guneak behar dituzte, eurengandik gertu egoteko lekuak.
"Gazteek sexuaz lasai eta parez pare hitz egiteko zerbitzu gehiago behar dituzte. Eurendako erreferenteak izango diren guneak behar dituzte".
Bergarako ekimen pilotu honek lagundu egin dezake, beraz?
Oso interesgarria iruditzen zait. Esperientzia pilotu moduan planteatu du Udalak; uste dut ondorioztatu dutela gertuago egon behar dutela eta hortik datorrela ekimen hau. Ibilbidea marraztuko dugu, eta ziur interesgarria izango dela marrazkia.
Pandemiak nola eragin die?
Nerabezaroa zerbait bada, harremanak dira, eta hori asko moztu zaie. Harremanetarako sekulako premia dute; elkarrekin egoteko, elkar ukitzeko eta elkar musukatzeko sekulako premia dute, eta ez da harritzekoa tarteka lehertu izana. Orain arte ez dugu erantzuten jakin.