Azpeitian, Azkoitian eta Bergaran dauden organo erromantikoen balioa herritarren artean zabaltzeko helburuarekin elkartu ziren, orain dela 22 urte, hiru herrietako udal ordezkariak, eta hala abiatu zuten Fray Joseph de Echevarria Organoaren Adiskideen Elkartearekin elkarlanean nazioarteko jaialdia. "Atzerriko izen ezagunak ekartzen saiatzen gara, bertako organo-joleekin eta musikariekin uztartuta osatuz, gero, egitaraua. Kontzertu guztiak 20:00etan dira", azaldu du Bergarako Udaleko Kultura teknikari Edurne Kortak.
Askotariko formazioen aldeko apustua egiten dutela gaineratu du Kortak: "Aurreko astean, esaterako, Bergarako Orfeoiarekin izan zen Aitor Olea organo-jolea; Karmele Muro sopranoarekin izango da Joxean Pascual organo-jolea datorren astean; eta Roberto Muñoren biolaren doinuekin bat egingo dute Miriam Ulanga organo-jolearenak, Bergarako azken emanaldian, urriaren 23an. Beste- lako formazioekin eta errepertorioekin osatu dituzte Azkoitiko eta Azpeitiko egitarauak, han ere nazioarteko eta bertako musikariei tokia eginda".
Bergarako Orfeoia, "pozik"
Aitor Biain Bergarako Orfeoiko zuzendariaren esanetan, "eskertzekoa" da zikloan parte hartzeko ematen dieten aukera. "Organo-jole batekin lan egiteko eta normalean lantzen ez ditugun errepertorioak eskaintzeko aukera ona da guretako. Mozarten, Saint-Saënsen eta Rheinbergerren obrak aukeratu genituen aurreko zapatuko emanaldirako. Oso gustura jardun genuen eta hala sumatu genituen eliza bete zuten entzuleak ere".
ELENA LAKA ETA LEO JUARISTI ORGANO IKASLEEN KONTZERTUA GAUR, EGUBAKOITZA, 20:00ETAN, LOIOLAN
Datorren asteburuan Bergaran ez da kontzerturik izango, baina gaur, egubakoitza, Loiolako basilikan izango dira Bergarako organo ikasle Elena Laka eta Leo Juaristi. "Pieza bana eskainiko du bakoitzak, eta segidan, beste bat interpretatuko dute elkarrekin. Joxean Pascualen ikasleak dira, eta eurekin batera Azpeitiko ikasle Itsaso Alberdi eta Anaitz Lizartza ere izango dira", dio Kortak.
Laster, San Pedro elizan
Santa Marinako organoa "gutxietsi barik", baina Udaleko Kultura Sailekoak "pozik" daude bi urte barru San Pedro elizara bueltatzeko aukera izango duelako zikloak. "Albiste ona da uztailean sinatutako hitzarmena; datorren urteko urtarrilean hasiko dira konpontzen eta 2024rako aurreikusten da erabilgarri izatea; hala ere, garrantzitsua da Santa Marinakoa ere zaintzea".