Kultura plazen beharraz eta horien aniztasunaz

Xabier Urtzelai 2021ko urr. 8a, 13:55

Mikel Etxaburu Osa (Argazkia Erein), Ihintza Orbegozo Igartua (Argazkia Badok.eus) eta Gotzon Barandiaran Arteaga (Argazkia Uztarria).

Zertarako sortuko ditugu kultura plaza berriak? galderaren bueltan mahai-ingurua egin zuten atzo, eguena, Bergarako kultura mahaiko lagunek; Euskal Herriko hainbat kultura ekimenetan lanean diharduten hiru lagun gonbidatu zituzten horretarako; eurekin izan da GOIENA.

Mikel Etxaburu (Ondarroa, 1969) idazlea da, eta MUko irakaslea Huheziko Fakultatean. Eta Bilbo zaharrean –Bilbi izenez ezaguna– dagoen Xake Espazio autogestionatuaren bilakaera bertatik bertara bizi izan du. Ihintza Orbegozo (Bergara, 1987) kazetaria da ikasketez, eta azken urteotan Durangoko Plateruenan kulturgintzako arduraduna izan da. Eta Gotzon Barandiaran (Larrabetzu, 1974) idazleak ere zenbait kultura plaza sustatu ditu urte hauetan guztietan; esaterako, Bihotz Bakartien Kluba, Literatura Eskola, Ahotsenea eta Larrabetzuko Kulturbilgunea. Hala, hiru lagun hauek aukeratu ditu Jardun euskara elkarteak kultura plaza berrien gainean hausnartzeko.

Atzoko solasaldiko une batean, hiru protagonistak.

Denetariko ideologiak, Xake Espazioan, batera

Mikel Etxaburuk oso gertutik ezagutzen du Bilbo zaharrean –San Anton zubitik harago– dauden kaleetako errealitatea. Eta errealitate horietako asko batzen ditu, neurri handian, Xake Espazioak: "Abenduan bost urte beteko ditu modu autogestionatuan funtzionatzen duen espazio horrek. Oraingoz, bi gune ditu: taberna, batetik, eta lonja bat, bestetik. Eta posible da aurki beste pertsiana bat ere zabaltzea".

Eta hori guztia, zertarako? Galdetuko du batek baino gehiagok. "Auzotar bakoitzak gure orainaren eta etorkizunaren gainean erabakitzeko gaitasuna izan dezan. Izan ere, duela bost urte auzoa eraldaketa prozesu batean murgilduta zegoen, eta hor eragiteko sortu zen Xake Espazioa. Bilbi-ko auzoa gauez ezagutu dugu gehienok, parranda giroan, baina auzo horrek baditu bizilagunak, egun argiz ere han bizitza egiten dugunak, eta ikusten genuen auzoan jendeak erabakitzeko gaitasuna behar zuela. Hala, halako ekimenetan uste dugu elementu autogestionatuek berebiziko garrantzia daukatela, horiek eskatzen dutelako herritarren partetik inplikazioa, hurbiltasuna, enpatia, ardurak hartzea...".

Etxaburuk onartu du zentzu askotan Bilbo zaharrak eta Bergarak zerikusi txikia izango dutela soziolinguistikoki, politikoki, kulturalki... Eta horren gainean ere mintzo da. "Ezin dugu ahaztu Bergara edo Aramaio moduan, Bilboko San Frantzisko kalea ere Euskal Herria dela, eta euskal herritarrez beteta dagoela. Uste dut Euskal Herria irudikatzen dugunean modu interesatuan alde bati bakarrik erreparatzen diogula, baina errealitatea bestelakoa da. Egia da gure auzoan aniztasun kultural handia dagoela, jatorri askotariko jendea dago, bizi esperientzia ezberdinak izan dituztenak, egoera ekonomiko ezberdinetakoak... Eta denak izan behar ditugu kontuan. Hau da, bergararra edo aramaioarra banintz, seguruenik, beste ezaugarri batzuetako proiektuak jarriko nituzke abian, baina hemen, egiten dugun orok harreman estua izan behar du gure testuinguruarekin. Uste dut falta zaigula gure zilborretik harago begiratzea, beste errealitate batzuetako euskal herritarrak daudela ikustea. Eta Xake moduko plazetan posible dela ibilbide ideologiko oso ezberdinetako jendea batzea. Hor batzen gara anarkistak, komunistak, abertzaleak, jatorri espainoleko jendea... Eta, bide batez, gure artean bikain konpontzen gara eta adostasunak lortzen ditugu".

Plateruenak utzitako hutsunea

Ihintza Orbegozok gertu-gertutik bizi izan du duela urtebete Durangoko Plateruena itxi izanak utzi duen hutsunea, eta horren bueltan herrian abian jarri dituzten kultur dinamiken berri eman du. "Plateruena itxiko zutela jakin genuenean, geure buruari egin genion lehenengo galdera izan zen: eta orain zer? Hala, kulturgintzako langileak lanean hasi ginen iazko urrian, eta barruko lana egin eta gero, 2021ean sartzearekin batera herritarrekin hasi ginen elkartzen. Hala, proiektu honi herritarrekin batera eman diogu forma, eta uda hasieran txosten batean jaso genuen hilabete hauetan egindako lana. Orain, Durangoko Udalarekin gaude hartu-emanetan, gaiari heltzeko interesa erakutsi dute, eta ea ikasturte berrian ekintzetara pasa gaitezkeen".

Horren harira, Durangoko kultur elkarteen gaineko erretratu azkarra egin du Orbegozok. "Elkarte mordoa dago, eta baita sortzaile asko ere. Jendeak jakin-min handia dauka, kulturarako grina dago, baina espazio falta handia dago. Lehen ere leku faltan zeuden kultur eragile horietako asko eta asko eta Plateruenaren itxierak larritu egin du egoera. Eta gero, erakusleiho modura, kultura kontsumitu nahi bada, gaztetxea dago, batetik, eta San Agustin antzokia, bestetik, ez dago gehiago. Hala, garbi dugu Plateruenaren eraikinak ezin duela itxita jarraitu".

Euskal kultura-zaleak sortzea helburu

Azken urteotan Euskal Herriko zenbait kultura eragilek darabilten diskurtsoa plazaratu du Gotzon Barandiaranek. "Kultura plazak helburu nagusia dena lantzeko ildoen barruan kokatzen ditugu, eta helburu nagusi horrek izan behar du euskal kultura-zaleak sortzea. Euskaraz sortzeko grina daukaten euskaldunak sortu behar ditugu, sortzaileak izango diren zaleak, antolatzaileak izango direnak, hedabideetan arituko direnak eta baita heziketan arituko direnak ere. Eta etxean ere euskarazko transmisioa bermatuko dutenak. Horiek dira helburu nagusiak, eta guk zenbait lan ildo proposatzen ditugu. Eta kultura plazak dira lan ildo horietako bat. Euskalgintzak plaza horien beharra du".

Hala, Barandiaranen esanetan, gaur egungo kultura eskaintzaren barruan, euskal kultura ez da nagusitzen dena. "Ez da plaza fisikoetan nagusitzen, ezta birtualean ere; alegia, digitalean aurki daitekeena. Guk Euskal Herriko zazpi lurraldeak hartzen ditugu kontuan, eta garbi daukagu bertako plazetan programatzen diren kultur ekitaldiak ez direla nagusiki euskarazkoak". Eta beste horrenbeste gertatzen da eskaintza digitalean. "Eskaintza nagusia espainolez, frantsesez eta ingelesez dago, ez euskaraz".

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak