"Unerik zailena minbizia diagnostikatzea da, beti"

Jone Olabarria 2021ko urr. 8a, 13:56

Paziente askok diete beldurra, baina beste asko erlaxatu egiten dira, eta kontsultan lo geratzen dira; hala ere, tratamenduen osteko aldaketak ikusita, "harro" daude Alberto eta Andrea Gorosabel doktoreak.

Antzinako dentistek utzitako "ospe txarra" gainditu nahian, dentistarenera beldur gabe joatea gomendatu dute gorosabeltarrek. Hogeita hamar urte baino gehiago daramatza lanean Bergaran aitak, orain alaba ere ortodontzia eta hagin artean barneratuta ere.

Zergatik erabaki zenuten dentista nahi zenutela izan?

Nire kasuan [Alberto], Medikuntza amaitu eta urte batzuk mediku lan egin ondoren, pentsatu nuen aukera ona izan zitekeela eta Bergaran ireki nuen kontsulta 1990. urtean. Nik ere [Andrea] betidanik gustuko izan dut, beti erreparatu izan diet jendearen hortzei eta irribarreari.

Alaba zurekin lanean duzu orain; eragingo zenuen zuk honetan ere...

Ez zuzenean, etxean eta inguruan ikusten denak bere eragina du.

Zergatik diogu beldurra dentistari?

Nik uste dut antzinako dentistek utzi dutela fama hori. Gaur egun egiten diren tratamenduek ez dute zerikusirik lehengoekin. Beldur gabe etorri behar dugu dentistarengana, eta txikitatik ohitu sarri etortzera.

Horrela galtzen zaio errespetua?

Paziente askok, nahiz eta gezurra dirudien, lo hartzen dute tratamenduetan, endodontziak egiterakoan, adibidez, baita kirurgietan ere, zurrungaka. Tratamendua bukatu eta gero, askok ez dute onartzen lokartu egin direla. Nola izan liteke dentistarenean lo hartzea...

Zer da zuen lanak duen onena eta txarrena?

Onena jendearekin harremana izateko aukera da. Txarrena, lanbide zorrotza dela eta erabat eguneratuta egotea eskatzen duela. Etengabe formakuntza eta ikastaroak egiten ditugu; askotan, asteburuetan.

Egitea gehien gustatzen zaizuena?

Gehien, kasu bat hartu eta orokorrean planifikatu eta tratatzea.  Adibidez, aho osoko errehabilitazio bat. Pazientearen ahoa erabat aldatzen da, eta gustuko dut lehengo eta geroko argazkiak ikustea, beste pertsona bat dela ematen baitu...

Zeintzuk dira momentu zailenak?

Azterketetan, ahoa oso-osorik aztertzen dugu. Momentu zailena minbiziren bat diagnostikatzean izaten da, inolako zalantzarik gabe. Guk kudeatu behar dugu, eta pazienteari komunikatu. Horiek dira momentu latzenetakoak.

Zer da garrantzitsuena gertuko zerbitzu bat eskaintzeko orduan?

Garrantzitsuena da, betiko fa-miliako medikua daukagun bezala, pazienteek beraien familiako dentista garela sentitzea, beharra duten bakoitzean betiko lekuan topatzea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak