Valogreene Paper BC, S.L. enpresak Larramendin paper-industriaren hondakinen tratamendurako instalazioa jartzeko asmoa agertu duela-eta, Udala jarraipena egiten ari zaio gaiari: "Jarduera berria den neurrian ezagutza murritza dagoelako gure inguruan".
Jarraipen batzordearen bisita Alacantera
Atzo, urriak 4, enpresak Elxen (Alacanten) duen egoitzara bisita egin zuten jarraipen batzordeko bost kidek jarduera bertatik bertara ezagutzeko. Gorka Artola alkatearekin batera, EH Bilduko Juan Luis Gonzalez, EAJko Lander Arregi, Uberako alkate Gorka Buruaga eta hirigintza eta ingurumen saileko teknikariak joan ziren.
Elxeko planta pilotuan Bergaran egingo lukeen prozesuaren zati bat ikusi ahal izan dute: "Hainbat galdera egin zizkieten Bergarako ordezkariek. Galdera horien artean errepikatzen den bat da, eta zalantza eragiten duena, zarata edota usaina sortuko ote dituen jarduerak. Enpresako arduradunen hitzetan ez litzateke halakorik sortu behar. Udalak, hala ere, eskatu dio horrelako egoeraren bat gertatuko balitz prest eduki dezan kontingentzia plan bat, eta horretarako konpromisoa hartu du Valogreene-k, eta dagoeneko prestatzen ari direla esan diete Udaleko ordezkariei".
Udalaren jarraipen propioa
Udal Gobernuak aditzera eman duenez, jarraipen propioa egingo diote gaiari: "Valogreene enpresak aurkeztutako dokumentazioan zarata eta usainaren gaiak aztertzen ez diren bezala, airera eta uretara egon daitezkeen balizko isurketak jorratzen ditu. Horien inguruko informazio zehatzagoa izateko helburuarekin azterketa propioa egingo du Udalak kontratatu duen aholkularitza zerbitzuak.
Beste bilera bat auzotarrekin, bihar
Bihar, eguaztena, bilera berri egingo dute Larramendi inguruko auzo alkateekin bisitan jaso den informazioa partekatzeko. Bestetik, auzotarrek dituzten galderak jaso, eta enpresari bideratuko zaizkio erantzun zehatzak izan ditzaten herritarrek.