"Bezperan xanpaina eta txupitoak hartuta", hala aurkeztu ziren Jose Ignazio Aranburu eta bi lagun lehenengoz Quebrantara: "Egia esanda, juerga moduan joan ginen, ordu biak arte han ibili ginen parrandan aurreko egunean ere. Afaltzeko jangelara sartu eta han zeuden denak makarroiak jaten, eta guk txuleta nahi genuela, edan eta edan aritu ginen".
Lasterketara joandako hiru lagunek erronka bat ere bazuten 1996. urteko lehen Quebranta hartan; zortzi ordu eta hamarrean egin gura zuten proba. Baina Aranburuk aurreko eguneko ondorioak igarri zituen, gutxigatik izan bazen ere: "Beste bi lagunek lortu zuten; nik, baina, minutu bakarragatik ez nuen lortu, zortzi ordu eta hamaika minutu behar izan nituen bukatzeko". Aldapa batean 10 metroko tartea atera ziotela aitortu du, eta gero, ezin harrapatu: "Itxaron, itxaron esaten nien, baina ezer, eurak aurrera [Barre]".
25 aldiak, jarraian
Erronka hura ezin beteta ere, zerbaitek harrapatu zuen Jose Ignazio Aranburu. Izan ere, 1996a ezkero 25 aldiz hartu du parte lasterketan jarraian, hutsik egin gabe. Eta denetan lortu du helmugara iristea.
Zehazki zenbatekoa ez dakien arren, balentria hori egin dutenak gutxi direla azaldu du Aran-buruk: "Duela sei urte, probak 25. aldia egin zuenean, bost ziren proba guztietan parte hartutakoak. Horretarako ere zortea behar da. Lehen hamabost aldietan tokatu egin behar zaizu, zozketan, eta zorte hori ere izan nuen".
Proba, izugarri aldatuta
Ordutik hona proba "izugarri" aldatu dela ere azaldu du Aranburuk: "Joan ginen lehen aldietan 600-800 lagun inguru izango ginen. Jendea ez zen hain prestatuta joaten, ez zen lehiatzera joaten, zikloturista estilora zen gehiago".
Lasterketa soilik ez, gaur egun, bere inguruko guztia ere ikustekoa dela azaldu du Aranburuk. Alojamendua hartzea ere kosta egiten dela azaldu du: "Lasterketa bukatu, aurtengoa pagatu eta hurrengo urterako lekua hartzen dugu beti, zuzenean".
Aurten, bi semeekin
Mende laurdena ospatzeko, aurten Jon eta Ander semeak ere joan dira aitarekin proban par-te hartzera, lehenengoz. "Batera egiteko asmoa genuen, aita laguntzeko; azkenean, batera irten bai, baina bakoitza bere aldetik iritsi zen helmugara", azaldu du Ander Aranburuk semeak.
"Irteeran bai, baina helmugara arte ez nituen gero berriro ikusi. Baina hobeto horrela, ez nuen nahi niri tiraka joan behar izatea. Bakoitza bere erritmoan. Bietakoren bat erretiratuko zela uste nuen, eta orduan ni ere erretiratuko nintzen, baina ez zen hala izan", azaldu du Jose Ignazio Aranburuk.
Okerrena, hotza eta ura
Eguraldia tarteko, aurtengo aldia bereziki gogorra izan dela aitortu dute Aranburutarrek: "Hotza egiten badu eta bustita bazaude, akabo. Lasterketa hasi baino bost minutu lehenago izugarrizko euri zaparrada egin zuen, eta irten orduko bustita geunden. Lasterketa luzea duzu aurretik, altuera handira igotzen zara, eta jaitsiera oso luzeak dituzu".
Aitortu dute "fase guztietatik" pasa direla: "Hasieran, ez duzu nahi; gero, diozu: 'Zergatik etorri naiz hona?'. Helmugara iritsi eta diozu: 'Ez naiz bueltatuko'. Pare bat zerbeza hartu, dutxatu eta pozik zaude, harro". Aitortu du urtero esaten duela ez dela bueltatuko, baina urtez urtez, berriz ere itzultzen da Quebrantahuesos-era.
"Neure buruaren kontra lehian"
"Aurreko urteetako denbora hobetzeko egiten dut lan, neure buruaren kontrako lehia da, ez beste txirrindularien kontra". 75 urterekin, astean sei egunetan irteten da bizikletan ibiltzera Aranburu –ostiraletan egiten du deskantsua–, eta aurten, urtean 20.000 kilometro egin dituela azaldu du. Asteko, batez beste, 670 kilometro egiten ditu Aranburuk.
Probari dagokionez, 66 urte zituela egin zuen Quebranta-n bere markarik onena: zazpi ordu eta 34 minutu: "Orduan, baina, denbora ona egitera joaten nintzen. Orain, baina, aurreratzen banaute berdin dit, eta orduan euren bila joaten nintzen".
Datorren urtera begira
Urteen eragina igarri egiten duela aitortu du: "Erreflexuak jada ez dira lehengoak". Baina parte hartu duen urteetan egindako lanarekin "harro" dago Aranburu.
Aurtengoa azkena izan ote den galdetuta, barre artean dio ez dakiela: "Nahiz eta sufritu, saiatu egin beharko dugu berriz". Ander semeak errietan ere egin dio: "Aurten azkena izango zela esaten zenuen eta!".