Aitor Alberdi, Jesus Kalboetxeaga, Jone Albeniz eta Ion Andueza dira dokumentalaren zuzendariak eta trailerra ikusgai dago dagoeneko, The Badass Project-en eskutik. Antolatzaileek aurreratu dutenez, lehen antimilitaristak lanean hasi zirenetik 30 urte pasatu dira eta kontakizuna falta da: "Kontakizuna eraikitzea garrantzitsua da hura oroimenean finkatzeko, bai oroimen pertsonalean bai kolektiboan, eta gure historia partikular honetan kontakizunak falta dira; historia hau urtetan egon baita baztertuta, merezi ez duen arduragabekerian edo utzikerian murgilduta, eta horrenbestez, gizarte bidezkoago baten aldeko gure inplikazioa interes gabekotzat jo izan da. Intsumisioan egon ginen guztion iritziz, borroka horren kontakizuna egitea falta da. Mende honetan Euskal Herrian jaiotako edozein gazterentzat, derrigorrezko soldaduska guztiz ezezaguna da, eta intsumisoek harekin bukatzeko egin zuten borroka ziur aski inoiz ez zuten entzungo".
Izan ere, ezin da ahaztu soldaduska 2001eko martxoan desagertu zela: "Duela ez hainbeste, 2001eko martxoan, orduan Espainiako Gobernuko Defentsa Ministroa zen Federico Trillok telebistaren bidez ematen ari zen prentsaurreko batean honako hau bota zuen: Jaunak, soldaduska amaitzera doa. Eta esaldi historiko hura mugimendu sozial eta baketsu baten desegite geldoaren hasiera izan zen. Mugimendu horrek, orduan, hankaz gora jarri zuen zeharo errotutako uste sendo bat, Estatuak ezarritakoaren aurka ez zegoela zer eginik esaten zutenena".