Erabilitako olioa jasotzeko aldaketak puntu kopuruetan zein bilketa moduetan

Jon Irizar Aranguren 2021ko ira. 28a, 14:38
Olio kutsakorra botatzeko edukiontzi berria

Bilketa puntu kopurua 7tik 17ra igaroko da, herritarrek sortutako olio kutsakorra modu egoki eta arduratsuan jasotzeko helburuarekin. Laranja koloreko edukiontzi berrietan etxeko edozein ontzi erabili ahal izango da olioa botatzeko.

Herritarrek egindako eskaerei jaramon eginez, olio kutsakorra jasotzeko zerbitzua hobetzeko erabakia hartu du Debagoieneko Mankomunitateak. Duela bi urte hasitako prozesua egikaritzen ari dira azken asteetan Bergaran, eta sortutako koipe likidoa modu egoki eta arduratsuan jasotzeko helburuekin, bi aldaketa nagusi izango dira: puntu kopuruetan eta bilketa moduan, hain zuzen.

Puntu kopuruak, 7tik 17ra

Egun 7 edukiontzi daude Bergaran etxean erabilitako olioa jasotzeko, eta Mankomunitateak hartutako erabakiaren ondotik, 17 egongo dira epe laburrean; olio kutsakorra jasotzeko 10 bilketa puntu gehiago, alegia. Hurrenkera alfabetikoan, ondokoak dira epe laburrean edukiontziak kokatuta egongo diren kale eta auzoak:

> Angiozar auzoa

> Arruriaga 12 (Burdiñate)

> Bidekurutzeta 46 (Erregetxo)

> Bolu 28

> Fraiskozuri 5

> Ibargarai 28

> Ibarra 13

> Komenio 2

> Kruz Gallastegi-Bideberri

> Lizaria 23 (Nafer)

> Matxiategi 12

> Mintegi 3

> Osintxu auzoa

> Oxirondo 3 (azoka)

> San Antonio 5

> Zubiaurre 33

> Zubieta 30

Botatzeko ontziak, aukeran

Bigarren berritasun nagusiak, aldiz, edukiontziekin eta bilketa ontziekin du zerikusia. Izan ere, gaur arte aurrez jasotako pote berdeetan bildu behar zen olio kutsakorra, edukiontzi berdera bota eta bueltan beste ontzi bat jaso aurretik.

Bada, edukiontzi laranjak izango dira aurrerantzean olioa biltzeko tokiak, eta kolore aldaketaz harago, herritarrek nahi duten ontzian utzi ahal izango dute koipe likidoa; ondorioz, ez dute bueltan beste ontzirik jasoko. Horrez gain, Mankomunitateak olioa botatzeko erabiltzen diren etxeko ontziak birziklatzeko konpromisoa hartu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak