Gaur, 21 urte bete dira Bergarako Jam aretoan Holidays in the sun jaialdia amaitu zenetik. Izan ere, 2000ko irailaren 22an, 23an, eta 24an Europako eta, bereziki, Ingalaterrako orduko punk-oi! mugimenduko talde handienak elkartu ziren Jamen: Slaughter and the Dogs, Cockney Rejects, Cock Sparrer, The Boys, Peter and the test Tube Babies, Uk Subs, The Business, Angelic Upstarts, Oxymoron...
Guztira, 26 talde eta 1.200 ikusle inguru, gehienak kanpotarrak. Kartel berezi hori osatu zuen talde bat baino gehiago egondakoa zen Jamen edo aurrerago itzuli zen, baina punk-oi!-aren puntako talde gehientsuenak batera izatea oso gutxitan gertatzen den fenomeno bat da. Hala, duela 21 urte Bergaran gertatu zen.
Efemeridearen berri Twitterren
2000. urtean zortzi urte eskas bazituen ere, Kaleko Urdangak taldeko baxu-jole Asier Kortabarria Moto-k Twitterren gogoratu zuen jaialdia, duela hilabete inguru: "Basakeria hau Bergaran gertatu zen, bai. Nire oroitzapen bakarra, amaren gomendioa: 'Kontuz jeringillekin'. Herria Europa osoko punk eta kaskamotzez betea....". Efemeridea aitzakia hartuta, jaialdiaren bueltako protagonista batzuekin egon da GOIENA, besteak beste, jaialdi hartako atzeko istorio kuriosoen berri jaso eta musika panoraman gauzak nola aldatu diren aztertzen laguntzeko.
Jam aretoa erreferente zenekoa
Kontzertuen testuingurua "izugarri" aldatu dela dio hamarkada luze batez Jameko kontzertuak programatzeaz arduratu eta gaur egun oraindik sektorean jarraitzen duen Mikel Berasategik; Kolonbiako Camilo musikariaren kontzertu baten antolakuntzan eta Sopelako sokatira saio baten muntaketa lanetan aritu da, besteak beste, asteon. Lanez lepo ibilita ere, tarte bat hartu du GOIENAren galderak erantzuteko: "Lehen, kontzertuetan askoz jende gehiago mugitzen zen. Esan nahi dudana da orain jendea jaialdi handietara joaten dela; lehen, tabernetan, gaztetxeetan, frontoietan eta kiroldegietan sekulako mugimendua egoten zen. Intsumisoengatik zela, presoengatik... Beste mundu bat zen. Garai hartan, jende asko joaten zen kontzertuetara taldea apenas ezagutu edo gustatu gabe, bere lagunak joaten zirelako. Hori aldatu egin da erabat".
Ukaezina dena da garai hartan Europa mailako musika zirkuituko ezinbesteko geltoki bihurtu zela Jam. Puntako talde askok Bergarako Jamen egiten zuten geldialdia, Madrilen eta Bartzelonan jotzeaz gainera. "Oso ondo prestatuko aretoa zen, edukiera handiarekin. Hala ere, une hartan Jam izan zen, baina esan beharra dago Euskal Herria beti izan dela talde handiendako geltoki berezia; biztanleen proportzioari dagokionez bai, behintzat", dio Berasategik.
Musika zirkuituan ezinbesteko geltokia zen Jam garai hartan, luxua bailararentzat
Udalarekin tirabirak
Bestalde, garai hartan Jamen buru-belarri zebilen Fernando Etxebarrik gogoratzen du jaialdiaren aurretik hainbat buruhauste izan zituztela: "Udaletik ez genuen inongo laguntzarik jaso; are gehiago, denak izan ziren trabak. Etorriko zen jendearentzat kanpina, azkenean, Mekolalden jarri behar izan genuen, orduan bertan zegoen ehungintza-enpresa baten lurretan. Akanpalekuaren ondoan zegoen tabernari baten kasua da adibide garbiena: ikaratuta zegoen bere tabernagatik eta gerora hainbat urtez gogoratu izan zidan ze gustura egon zen kanpotik etorri ziren punk haiekin guztiekin. Sekulako beldurra sortu zen herrian, bazirudien hondamendia zetorrela, Europatik zetozen punk haiek herria erre behar zutela. Baina gero, argi geratu zen oso jende jatorra eta edukazio onekoa zela. Ez zen inongo liskarrik izan hiru egunean".
Handiagoa egiteko "aukera"
Etxebarrik uste du, gainera, jaialdi hura askoz handiagoa izan zitekeela baldin eta "laguntza minimo bat" izan balute: "Holidays in the sun jaialdi ibiltaria zen eta Jam aretoari proposatzearen arrazoia izan zen ordurako talde haien kontzertu batzuk programatuta genituela. Ordurako Jamera ekarrita genituen, adibidez, Cockney Rejects eta Toy Dolls taldeak, eta musikariek eurek zein taldeen managerren arteko ahoz ahozko komunikazioari esker erabaki zuten 2000. urteko jaialdia Jamen egitea. Udalak lagundu izan balu, jaialdi askoz handiagoa egin zitekeen, baina Jamera mugatu behar izan genuen eta, gehienez, 1.000 bat lagun elkartu. Jameko lantaldeari esker irten zen aurrera jaialdia, ez daukat zalantzarik; Udalaren inplikazioagatik, behintzat, ez zen izan...".
Fernando Etxebarri (antolakuntza): "Udalak lagundu izan balu, jaialdi handiagoa egin genezakeen"
Ikusle bergarar baten bizipenak
Jaialdiko ikus-entzuleen artean, Berasategik dioenez, gehiengo zabal bat Europa osotik etorritako musikazaleak izan ziren, baina Debagoienetik eta Bergaratik bertatik askok egin zuten bat proposamen bereziarekin. Horien artean dago Aniotz Birumbrales Biru, gaur egun Kaleko Urdangak taldeko gitarra-jolea dena. Bizitza erdi baino gehiago daroa oi! musika egiten eta ez dauka ahazteko bere jaioterrian egin zen Holidays in the sun hura: "Oroitzapen ederrak gordetzen ditut. Jaialdi ezberdin bat izan zen, ordura arte Euskal Herrian ez zelako ezaugarri horietako halako jaialdi handirik egin. Oso gogotsu geundela gogoratzen dut, Holidays in the sun bat norberaren herrian egitea itzela zen...".
Aniotz Birumbrales Biru (ikuslea): "Oroitzapen ederrak ditut, errepikaezina da kartel hori"
Liskarrik ez hiru egunean
Biru-k argi dauka-eta halako kartel bat errepikatzea ia ezinezkoa izango litzatekeela gaur egun: "Hainbat eta hainbat talde batera leku berean jotzen, horietako asko sekulako ikusi gabe genituenak. Bereziki, Cock Sparrer ikustea ahaztezina izan zen, itzuleraren barruan Ingalaterratik kanpo ematen zuten Europako lehen kontzertua izan zelako. Halako kartel bat errepikatu daiteke Blackpool-eko [Ingalaterra] Rebellion Festival baten, adibidez, baina gure herrian halakorik berriro egitea... Uste dut errepikaezina izango dela".
Bestalde, jaialdiaren aurreko egunetan Bergaran bizi izan zen tentsioa eta beldurra ere gogoan ditu Biru-k: "Zurrumurruak eta beldurra ere gogoratzen ditut jaialdiaren aurretik, aurreiritziak zirela medio. Gero, baina, kontrakoa gertatu zen: herria oso pozik geratu zen kanpoko bisitarien jarrerarekin eta, noski, herrian gastatu zuten diruagatik". Izan ere, bisitarietako askok herriko eta inguruetako hotel, ostatu, nekazaritza-etxe zein etxe partikularretan egin zuten lo eta bertako tabernetan ere diru asko gastatu zuten. Horren adibide da garai hartan Depor tabernan lan egiten zuen tabernari batek Twitterren idatzi zuena, hain zuzen ere, Moto-ren txioari erantzunez: "Depor tabernan garagardoz hiru bider bete eta hiru bider hustu ziguten biltegia. Ahozabalik. Liskar bat ere ez hiru egunetan".
Orduko 'Berrigara'-ko kronika
Garai hartako Berrigara-n ere eman zen jaialdi bereziaren berri, datuak titularrera eramanda: Punk jaialdia: 100 musikari, 1.200 entzule eta hotelak beteta.
Kronika horretan zehaztuta dator saldu ziren sarreren kopurua: Antolatzaileak pozik daude orokorrean jaialdiak izan duen harrerarekin, nahiz eta egun bakoitzeko 200 bat lagun gehiago espero zituzten. Asteburu osorako sarrera 450 pertsonak erosi zuten. Kopuru horri eguakitzeko eta domekako beste 200 lagun gehitu behar zaizkio eta zapatuan beste 350. Gainera, atzerritik 400 bat lagun etorri zirela ere badio albisteak: Atzerritik etorritako gehienak Bergarako zein inguruko herrietako hotel, ostatu eta nekazal-etxeetan hartu dute ostatu. Horrez gain, antolatzaileek Narbaiza lantegiko atzealdeko soro baten kanpina egokitu zuten eta bertan beste 150 lagun inguru egon dira. Kanpineraino joan gabe, Goiko estazioan kanpatu duenik ere izan da.
Era berean, Berrigara-n jaialdia iragartzeko albistean aipatzen da kanpinerako gunea aldatu behar izan zela, antolatzaileen hasierako asmoa kanpina San Martzialen jartzea zelako baina Udalaren baimenik ez zutelako jaso. Beste garai batzuk, zalantza barik.
Mikel Berasategi, Jameko arduradunetako bat (1995-2005): "Herrian beldurra zabaldu arren, punkek lezio bat eman zuten"
Hamarkada luze batez aritu zen Jameko kontzertuak antolatzen.
Nola gogoratzen duzu Holidays in the sun jaialdia?
Ederra izan zen. Hala ere, gogoratzen dut ez zela erabateko sold out-a izan, domeka nahiko ahula izan zela... Hiru eguneko bonuak 17.500 pezetako prezioa zuen; batzuentzat garestia zen, antza. Baina Cock Sparrer moduko talde bat garai hartan ikusteagatik bakarrik gutxienez 2.500 pezeta ordaindu beharra zegoen...
Beldurra zabaldu zen herrian, ezta?
Gu lasai geunden, baina herrian beldurra zabaldu zen, bai. Sarrerekin batera akanpalekurako aukera ematen genien kanpotik zetozenei Udalarekin gune bat adostuta genuelako, baina jaialdia baino bospasei egun lehenago esan ziguten ez zigutela gune hori utziko. Hortaz, Mekolaldeko Narbaiza lantegiko lursail baten egokitu behar izan genuen kanpina, Xabi Albisuaren laguntzari esker. Eskerrak... Punkek lezio bat eman zuten.
1995etik 2005era egon zinen Jamen. Zenbat zuzeneko?
Ez dakit ziur esaten, memoria kontuetan ez naizelako finena... Gogoan dut urte baten, errekor modura, 162 kontzertu antolatu genituela. 1.000 kontzertutik gora izango ziren, seguru.
Zer izan zen Jam zuretzat? Arrastoa utziko zuen zugan...
Nire bizitzaren parte oso inportante bat izan zen, laga behar izateak sekulako pena eman zidan. Ikasgai itzela izan zen; Jamen aurretik ibilita nenbilen gaztetxean eta. Eta oraindik ere musikaren munduan jarraitzen dut. Hau da gustatzen zaidana.
Zaila izan da zurekin telefonoz egotea. Lanez lepo, ala?
Bai, iraila zoratzekoa daroat... Riff Produkzioak-ekin ari naiz buru-belarri. Urte eta erdi erabat geldi egon ginen. Sektorearen egoera oso latza da; batzuek eutsi egin diogu, baina oso latz dago. Azken bi urteotan hiru hilabete egin ahal izan dugu modu duinean lan.
Swen Sucker (Oxymoron taldeko abeslari eta gitarra-jole ohia) : "Berehala maitemindu nintzen Euskal Herriaz"
1989tik 2002ra Oxymoron taldeko buru izan zen Sucker (Berlin, 1973), eta gustu handiz erantzun ditu GOIENAren galderak Berlindik. Jaialdi hartaz eta beste hainbat kontuz dihardu.
Zer moduz zaude? Zertan ari zara orain?
Ondo nago. Orain, lan askorekin, COVID-19aren ondorioz lanik ez dudalako izan orain gutxira arte. Horrez gain, Bad Co project taldearekin [bere proiektua gaur egun] disko bat argitaratu nahian gabiltza; ea laster atera dezakegun...
Ze oroitzapen duzu Bergarako Jam-eko jaialdiaz?
Gogoan dut jaialdi bikaina izan zela, banda distiratsu askorekin. Euskal Herrian gogoratzen dudan lehen jaialdi handia. Badakit Micky Fitzekin ibili nintzela backstage-an [The Business taldeko abeslaria, 2016ko abenduan hil zena]; elkarrizketa honen harira argazki bat topatu dut nire artxiboan... Oroitzapen ederrak.
2000. urterako plaza gustukoa zen zuretzat Euskal Herria?
Euskal Herria beti izan da leku oso berezia niretzat. Kontzertu guztietan, izan areto txikietan, kaleko emanaldietan edota jaialdi handietan, izugarri gozatzen nuen. Uste dut Euskal Herrian lehenengoz Urdulizen jo genuela, 1998an, The Crackekin eta Iskanbilarekin, besteak beste. Goizaldeko lauretan hasi ginen jotzen... Baina esperientzia ederra izan zen eta berehala maitemindu nintzen Euskal Herriko giro bereziaz. Oxymoronekin egindako bira guztietatik oroitzapen onenetakoak Euskal Herrikoak dira. Akaso, Bergarako jaialdi hura are bereziagoa izan zen, ez zelako batere ohikoa Holidays in the sun bat bertan antolatzea. Baina esaten dizudana, Euskal Herrian egon naizen guztietan asko disfrutatu dut.
Arrasto berezia utzi dizu Euskal Herriak...
Izugarri maite dut Euskal Herria. Euskal Herrira eta bereziki Arrasatera joatea etxera joatea modukoa da niretzat. Gainera, Euskal Herriak badu zerbait berezia Alemanian inondik inora gertatzen ez dena: belaunaldi berriak oraindik ere punkaren mugimendua bizirik irauteko lanean ari direla.
Zer aldatu da musikaren munduan 2000. urtetik?
Musikaren mundua izugarri aldatu da azken 20 urteetan. Gaur egun, Internet da guztiaren plataforma, sare sozialen eta streaming-erako edota deskargarako abestien jabea. Gaur, ez dago benetako albumik atera behar bere azal eta guzti, eta hori tristea da. Kantuak online izatea artxiboak baino ez dira askorentzat, eta horrek balioa kentzen die... Are gehiago, MP3arena ere ez da soinu kalitate ona. Klik baten behar ditugu entzun nahi ditugun abesti guztiak, baina horrela atmosfera galtzen da. Nik, behintzat, nahiago dut eskola zaharreko biniloa, esaterako.
Badago Oxymoron-ek ekarri zuena labur erantzuterik?
Liburu bat beharko nuke. Horrenbeste bizipen dira... Ia Europa osoan jo genuen, sei alditan egon ginen Ameriketako Estatu Batuetan eta behin Japonian. 800 kontzertu bai, gutxienez.
Ezer gaineratu nahiko zenuke?
Arrasateko lagunekin egoteko sekulako gogoa dudala!