Bergarako erraldoiei buruzko lehen idatzizko aipamena 1925. urtekoa da, eta, herrian noiztik dauden zehazki jakiterik ez dagoen arren, Bergarako kaleak alaitzen ezinbesteko eginkizuna izan dute. Horren adibide da Udal Artxiboak erraldoiei buruz gordetzen duen lehen argazkia: erraldoiak eta buruhandiak, txistularien laguntzarekin, Zubieta kalean zehar, 1943an.
Duela 21 urte konpartsa sortu zutenetik, 50 herritan baino gehiagotan izan dira Bergarako erraldoiak, baina etxean ere ikusmina sortzen dute: joan den egubakoitzean erakusketa ireki eta lehen bi egunetan –egubakoitz arratsaldean eta zapatuan– 550 lagun pasa ziren Aroztegitik.
Errotuta, azken urteetan
Kalera irtetean etxeko txikienak zoratzen dituzten arren, ez da beti horrela izan, taldeko kide Ibon Unamunok azaldu duenez: "2000. urte inguruan hasi ginenean ez zegoen horrenbesteko afiziorik. Lehen, buruhandi estilokoak ziren; orain, pertsonaia itxura dute, dantzan egiten dute".
Hamabi lagunekin martxan
Gaur egun, haur eta helduek osatutako 80 pertsona inguruko taldea da, baina hamabi lagunen artean eratu zuten: "Bergaran bi erraldoi genituen, Joxe Bixente eta Mari Kattalin, erraldoi zaharrak. 2000. urtean, Iñigo Alberdi zinegotzi zela eta Xamatz dantza taldearen laguntzarekin, proiektu bat aurkeztu ziguten; Udalak bi erraldoi egitea pro-posatu zuen, hala taldetxo bat sortzeko".
Arazo nagusia, baina, erraldoiak dantzan jartzea izan zela azaldu du Unamunok: "Ez genekien nola erabili, nola dantzatu; azken batean, ez da indarra, teknika ezagutzea baizik. Arrasaten talde potentea zegoen eta eurek mundu honetako kontuak erakutsi zizkiguten".
Bi erraldoitik, hemezortzira
Joxe Bixentek eta Mari Kattalinek aspaldi utzi zioten kaleetako protagonista nagusiak izateari, eta tamaina eta mota guztietako beste hamasei pertsonaiarekin partekatu behar dute orain dantzalekua. Guztira, sei erraldoi handik, bi ertainek, zortzi txikik eta taldearen "xarma eta saltsa" diren Guti eta Felixin ipotxek osatzen dute konpartsa.
Taldeko pertsonaiek Bergararekin lotura dutela azaldu dute, eta, zelanbait, "haurrei herriko tradizio eta historia gerturatzeko modua" ere badirela zehaztu dute erraldoi taldeko ordezkariek: "Bere garaiko Juantxo jauntxo elegantea dugu, herrira jaisten ziren baserritarrak beren jantziekin, oihalgintzako langileak,
Elhuyar anaiak, herriko gozogileak, Bitorianatxo...".
Eulalia Abaituaren jantziekin
Duela hogei urte Magdalena erraldoia egiten ari zirela, argazki zahar batzuetan inspiratuz egin zituzten jantziak, baina ez zekiten zehazki nortzuk ziren irudietako pertsonak: "Orain dela hiru bat hilabete,ezagun batek Bilboko Euskal Museoko argazki bat bidali zigun, bertan gure Magdalena zegoela eta. Eulalia Abaitua argazkilari bizkaitarra zen, bere jantziak daramatza gure Magdalenak ere".
Emakumeak taldera
Familia handitzeko asmorik ez duten arren, erraldoi ertainen estruktura aldatu eta emakumeek erabiltzeko moldatu gura dituztela azaldu du Unamunok: "Ea emakume gehiago gerturatzen ditugun taldera. Umetan baditugu neska ugari, baina nagusietan ez horrenbeste".