Bainuak eta sukaldeak izenean, baina argazkian hortik gutxi ikus dezakegu...
Bai, hasiera batean iturgintza lanetara eta bainugelen eraberritzeetara dedikatzen ginen. Azken urteetan baina barne diseinua eta eraberritze osoak lantzen ditugu ere.
Konturatu gara gure etxeak utzita genituela, eta orain, erreformen eztanda?
Horrenbeste denbora etxean egonda, itxialdian, txoko asko berrizteko beharra bistaratu du. Etxe goxo bat izateak positibotasuna ematen digulaz konturatu gara, eta funtzionala izatearen garrantziaz.
Eta zer dago modan?
Estantzia zabalak eta bateratuak, sukalde eta egongela bateratuak esaterako.
Janari usaina etxe osora ez al da zabaltzen horrela?
Askoren kezka izaten da, baina ez. Gaur egun oso erauzgailu potenteak daude merkatuan.
Zuk ere etxea txukun eduki beharko duzu, aldizkarietakoak bezala...
Ume txiki batekin etxean...aldizkarietakoaren antz gutxi askotan...Neuretzat aukeratzea akaso gehiago kostatu zitzaidan eta nobedadeak jasotzen ditudan bakoitzean zerbait aldatzeko gogoa sartzen zait.
Familia negozioa duzue hau. Zure kasuan tradizioarekin jarraitu gura zenuen ala horrela tokatu zaizu?
Horrela suertatu da, etxean betidanik ezagutu dut ofizioa. Zuzenbide ikasketak bukatu nituen arren, berehala konturatu nintzen diseinuaren munduan lan egin gura nuela, gaztetatik jakin dut.
Zer baloratzen duzu gehien lanetik? Eta gutxien?
Espazio eta estantzia ezberdinak diseinatu, eta bezeroak zuk egindako diseinu hori gustuko izatea. Hori baloratzen dut gehien. Okerrena, aldiz, dedikazio handiko lana dela honakoa.
Noren etxea dekoratu nahiko zenuke? edo nolakoa?
Oso itsaso eta kosta zalea naiz, hortaz kostaldeak, itsasotik gertu dagoen etxe bat dekoratu gurako nuke aukeran. Norena galdetu, ba ez dakit, ez dut inor bereziki gogoan. Etxe handiek aukera asko ematen dute, baina etxebizitza txikiek goxotasun aukera handiak dituzte.
Internetera nola moldatu duzue negozioa?
Bagabiltza, poliki-poliki, gure lanak sareetan erakusteko ahalegina egiten Instagramen, Facebooken, webgunean...