Betiko azoka izan ez bada ere aurrekoak baino eskaintza eta bisitari gehiago izan ditu, aurten, San Martin feriak

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko ira. 11a, 17:16

40 bat postu izan ditu azokak eta eguerdi aldera gerturatu dira bisitari gehien. Elgoibarko Mausitxa baserrira joan da gazta lehiaketako lehen saria. Barazki lehiaketan Soraluzeko Ezozi Etxeberriari eman diote lehen saria, eta fruta lehiaketan Igorreko Urtza Sarrionaindiari.

Giro onean joan da Bergarako San Martin azoka. Fraiskozuri plazan eta Ibargarai kalean ipini dituzte postuak eskualdetik zein eskualde kanpotik etorrikota ekoizleek. Askotariko produktuak eskaini dituzte: frutak, barazkiak, gozoak, ogia, eztia, garagardoa, hestebeteak, ahate gibela, ahatekiak, intxaurrak, lore sikuak, gazta... Bazen zer dastatu eta zer erosi.

 

Postuak bi multzotan banatuta egon dira ahal den heinean jende pilaketak saihesteko, eta bertaratu diren herritarrek antolatzaileek finkatutako zirkuitua edo norabidea errespetatu behar izan dute azokan ahalik eta gurutzaketa gutxien gertatzeko. Bestelako COVID neurriak ere egon dira. Esaterako, eremua osoan maskara jarrita eramatea derrigorrezkoa izan da, eta sarreretan gel hidroalkoholikoa egon da eskuragarri eskuetan zabaltzeko.

 

Salmentei buruz galdetuta saltzaileak pozik azaldu dira, baina esan dute jende ez dela eguerdira arte gerturatu aurten. "Motel hasi da kontua, baina gero hartu dugu erritmoa", azaldu dute. Aretxabaletako tomateak izandako harrera azpimarratu du, esaterako, Ane Gorosabel ekoizleak. "Saritua izan da eta jendeak probatu egin nahi du. Oso ondo saltzen ari naiz".

 

Odoloste dastaketa

 

Seminarioko patioan egon da eseri eta hamarretakoa egiteko aukera; izan ere, Bergarako odoloste dastaketa egon da. Sukalde handi batean prestatu dituzte 80 bat kilo odoloste. Herriko lau harategik emandakoak izan dira. Hain zuzen ere, Bixain, Imaz, Leturia eta Urzelai harategiek emandakoak.

 

Hiru lehiaketa

 

Barazki, fruta eta gazta lehiaketa jokatu dira azokan. Lehenengo bietarako sei parte hartzailek eman dute izena. Gazta lehiaketarako, berriz, hamalau ekoizlek.

 

Fruta eta barazkietan eskualdeko hiru lagun saritu dituzte; hain zuzen ere, Bergarako Mari Karmen Etxeberria eta Ane Gorosabel, eta Aramaioko Jose Lonbide.

 

Gazta lehiaketan, berriz, Elgoibarko Mausitxa etxeko gaztak eraman du lehenengo saria. Nafarroara joan da bigarrena (Lekarozko SC Kortaria) eta Arabara hirugarrena (Araiako Unai Lekuona). Lau lagunek egin dituzte epaile lanak horietatik bi Idiazabal jatorri izendapeneko epaikideak izanik –Noelia Aldai eta Jesus Olalde–. Esan behar da ez dela Debagoieneko gaztagilerik aurkeztu.

 

Gazta lehiaketako sailkapena

1. Mausitxa (Elgoibar) 216 puntu.

2. SC Kortaria (Lekaroz)196 puntu.

3. Unai Lekuona (Araia) 187 puntu.

 

Barazki lehiaketako sailkapena

1. Ezozi Etxeberri Irusta (Soraluze). Saria: 500 euro.

2. Eskubaratz S.Z. (Izurtza). Saria: 450 euro.

3. Mari Karmen Etxeberria Irusta (Bergara) eta Ane Gorosabel Monge (Bergara). Saria: 400 euro.

 

Fruta lehiaketako sailkapena

1. Urtza Sarrionaindia Atutxa (Igorre). Saria: 500 euro.

2. Jose Lonbide Espiñeira (Aramaio). Saria: 450 euro.

3. --- hutsik gelditu da.

 

 

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak