Iaz, 20 urte bete zituen Bergarako Erraldoi Taldeak, baina, pandemiak eraginda, bertan behera geratu ziren ospakizun-ekitaldiak. Hala ere, taldekideek lanean jarraitu dute, eta hilabete honetan konpartsaren sorrera hitzaldi eta erakusketa batekin ospatuko dute, Bergarako Udalarekin elkarlanean.
Herrian izandako garrantzia
Gaur, egubakoitza (18:00), zabaldu eta hilaren 26ra bitartean, Erraldoiak eta Bergara; jaia, musika, herria izeneko erakusketa egongo da ikusgai Bergarako Aroztegi aretoan. Konpartsakideen esanetan, aurretik Bergaran ez zegoen tradizio handirik: "Bi erraldoi baino ez zeuden, jaietan eta Aratusteetan. Taldea sortu genuenean prestutasun handia zegoen, baino ez genekien erraldoiak maneiatzen ere".
Gaur egun, 18 erraldoi ditu taldeak eta herriko kaleetan ezagunak dira oso. Hasierako urte haietatik orain arterako ibilbidea, erraldoiek Bergarako jaietan izan duten presentzia eta bestelako bitxikeria batzuk ikusi ahal izango dira Aroztegiko erakusketan.
Jatorria aztergai domekan
Erraldoien jatorrian eta ohituretan sakontzeko hitzaldia ere antolatu dute. Hiru adituk jardungo dute Seminarixoan, domekan, 12:00etan. Zergatik dantzatzen dute erraldoiek? Zer dantzatu dezakete? Horiek eta beste hainbat galdera argituko dituzte Iñigo Castellano Tuterako erraldoi konpartsako arduradunak, Patxi Laborda 25 urtez Iruñeko konpartsako kide eta egun Sestaoko konpartsako arduraduna denak eta Mari Ganuza erraldoi egileak.