Irailean ere egongo da zertaz gozatu Bergaran

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko ira. 3a, 13:20

Neomak taldea, artxibo irudian.

Bergarako Udalak eta Kultura Mahaiak prest dute iraileko eskaintza. Aire zabaleko ekitaldiak eta etxeko artisten presentzia bermatzea izan da nahia. Orain arte egindako elkarlana nabarmendu, eta horrela jarraitzeko asmoa erakutsi dute.

Kultura beharrezkoa dela argi dute Bergaran, eta, orain arteko hariari jarraituz, kultur proposamen oparoa antolatu dute irailerako ere. Bergarako Udalak antolatutako ekintzak dira, Kultura Mahaiko kideen laguntzarekin."Kultura beharrezkoa dela uste dugu, eta ekintzak antolatzen jarraituko dugu, ona delako bai ekoizleendako, bai artistendako eta baita herritarrendako ere", azaldu du Kultura zinegotzi Kristina Markinak.

Etxekoendako lekua

Bertako artistei eta emakumeei tokia egitea da Udalaren ardatzetako bat. Hala osatu dute iraileko egitaraua ere. Jazz musikari euskaldunen doinuekin hasiko da programazioa. Irailaren 10ean, aldiz, Bergaran hain errotuta dagoen dantza txapelketa egingo dute. Bikote nagusiei zuzendutako txapelketa Seminarixoan jokatuko da, 19:30ean hasita. Moises Azpiazuren omenezko txapelketa Musika Eskolak antolatzen du; aurten, hain zuzen, 36. aldiz.

Aretoetatik kanpoko ekintzendako lekua ere egongo da. Irailaren 11n, zapatua, Neomak taldeak Usondo parkean joko du. Zazpi emakumez osatutako taldeak trikitia du eskaintzaren oinarri, eta horri gehitzen zaizkio perkusio doinuak eta ahots ederrak.

Irailean San Martin jaiak izaten dira. Pandemia egoeran ekitaldi jendetsurik ez egitearen aldeko apustuak jarraitzen duen arren, Bergarako Musika Bandaren emanaldiak ez du hutsik egingo: eguenean izango da, 12:30ean, udal pilotalekuan.

Elkarlanaren fruitua

Markinak dio udarako antolatu dituzten ekintzekin gustura daudela –nahiz eta oraindik datu ofizialik izan ez–. "Parte-hartze ona izan dute ekintzek. Egia da ez garela gelditu eta gauzak antolatu ditugula, eta eskaintza indartu egin dugu uda garaian, aire zabaleko eskaintza aprobetxatuz", azaldu du Markinak. "Kultura eskaintza auzoetara zabaltzeko nahia ere izan dugu, agertoki berriak bilatzekoa, kulturan ere zero kilometroaren alde egitea...", gaineratu du zinegotziak. Hala ere, kultura eskaintza elkarlanaren fruitua dela nabarmendu du Markinak: Kultura Mahaiarekin elkarlanean egindako lana.

Aurrerantzean ere elkarlanean lan egiten jarraitzeko nahia azaldu du. Kultura Mahaiko kide Maitane Arizabaleta ere iritzi berekoa da: "Elkarlanean jarraitzeko asmoa dugu, eta nabarmendu nahi dut Kultura Mahaiak ateak zabalik dituela". Udako eskaintza aberasgarria izan dela dio: neurriak ondo bete direla, eta adin eta genero guztiak izan direla kontuan.

Egitaraua guztia hemen ikus daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak