Nerea Agirrezabal: "Ezinezkoa zen estropada hobea egitea"

Xabier Urtzelai 2021ko ira. 3a, 18:00

Biharamun apur batekin, bezperako estropadako tentsio guztiak atzean utzita, eta Kontxako Banderarako sailkatu ez baziren ere –bi segundoren aldeagatik ez zuten lortu– maila oso ona eman izanak utzitako zapore gozoarekin erantzun ditu Nerea Agirrezabalek (Bergara, 1994) GOIENAko galderak.

Zer diren bi segundo...

Oso denbora gutxi, eta, hala ere, Kontxako Banderatik kanpo geratzeko nahikoa. Pena hartu genuen, sekulako estropada egin genuelako. Egia esaten badizut, ezinezkoa zen estropada hobea egitea, sekulako saioa egin genuen, dena egin genuen bikain, baina ez zen nahikoa izan. Hala ere, oso pozik gaude egindako lanarekin.

Lehiakideen artean, indarrak oso parean egon ziren.

Bai; aurten emakumezkoetan maila izugarri igo da, eta indarrak pare-parean egon dira. Lehen, lau talde on egoten ziren, eta gero, koska handia egoten zen gainontzekoekiko. Hori amaitu da, indarrak asko parekatu dira. Atzo ikusi zen hori, lau segundoren bueltan hamar talde geunden. Halakoetan, patroiak erabakitzen du arraunlarioi erreferentziak ematen joan ala ez, eta guk ezezkoa erabaki genuen, antsietatea sorrarazi dezakeelako. Estropada amaitu zenean, segituan jakin genuen kanpoan geundela.

Non izan zineten motelago?

Kuriosoa da, denborei begiratuta erdiko balizatik ziabogara motelagoak izan ginen, baina traineru barruan gindoazenondako tarte hori bikaina izan zen. Gure sentsazioa da itzultzen izan ginela motelagoak, ziabogatik erdiko balizara ez ginela horren azkarrak izan, baina denborek bestelakoa diote.

Kontxako Bandera jarraitzeko asmorik? Ala min ematen du telebistaz jarraitu behar izateak?

Ez, lasai ikusiko dut. Arrauna gustuko duenak berdin ikusten du, eta, gainera, badakigu ze lehia dauden, pikeak... Horrek interesa gehitzen dio estropadari [Barre].

Zuendako amaitu da denboraldia; ze balorazio egiten duzu?

Egia esan behar badizut, oso gogorra izan da; bereziki, psikologikoki. Batetik, taldean baja asko izan ditugu eta horrek asko zaildu du dena. Neguan 26 lagun geunden taldean, eta urtea 15ekin amaitu dugu. Jakinekoa da denboraldi berri baten aurrean jendeak baiezkoa ematen duenean konpromiso maila ez dela denendako berdina izango, baina... Eta, bestalde, pandemiaren egoerak asko zaildu du dena. Taldean positiborik ez izateko, estropada batetik kanpo ez geratzeko... Kontu handiarekin ibili behar izan dugu; bizitza soziala asko mugatu dut, eta gogorra egin zait

Lau denboraldi egin dituzu Ondarroako arraun taldean, azkena izango da?

Orain ez naiz kapaz erantzuteko, ez dakit. Arrauna oso kirol gogorra da, udako hilabeteetan astean seitan ibili gara entrenatzen, Bergaratik Ondarroara joan... Hala ere, erantzuna emateko beste gauza asko ikusi behar ditut, taldeak ze etorkizun izango duen, nahikoa arraunlari batuko garen... Izan ere, urtea oso justu amaitu dugu eta kale ezin duzula egin jakiteak presioa areagotzen du. Azken baten, kirolari profesional izan barik dedikazio handia eskatzen du arraunak. Baina bestalde, barruraino sartu zait, izugarri gustatzen zait eta ez dakit ba, ikusiko dugu.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak