Gizarte arloko premiei erantzuteko eta etxean indarkeria matxista jasan duten emakumeendako erabilgarri duen harrera-etxea egokitu du Udalak. Besteak beste, sukaldea, lurra, leiho batzuk eta berogailuak aldatu dituzte, eta segurtasuna bermatzeko itxitura magnetikoak dituzten ateak jarri dira. Lanok gauzatzeko 49.500 euro inbertitu ditu Udalak.
Aldi baterako egonaldiak
Zerbitzu horrek ostatu ematen die gizarte-larrialdi edo gizarte-premia egoera baten ondorioz ostatua behar duten edo etxeko indarkeriaren egoeratik biziberritu eta egoera hori gainditu ahal izateko iraupen laburreko egonaldia behar dutenei eta bizikidetza-unitateei; betiere, pertsona horiek babes-neurririk behar ez badute. Aldi baterako egonaldiak izaten dira, eta laguntza-intentsitate txikiko zerbitzua da. Hau da, harrera-etxean etengabe egon behar duen langilerik eta harrera-etxeari esleitutako langilerik ez du eskaintzen.
Erabiltzaileen anonimotasuna mantentzeko, ez da publikoa harrera etxearen kokapena
Erabiltzaileak etxeko indarkeriaren biktimak diren emakumeak badira, biktimok artatzeko zerbitzu eta programa guztiekin koordinatuta jarduten du Udalak; hori bai, betiere, emakume horiek ostatu hartzeko aldi baterako alternatiba bat behar badute eta babes-neurririk behar ez badute. Horregatik ez da zehazten harrera etxe hori non dagoen kokatuta.
Laguntza espezializaturik ez
18 urtetik gorakoei ematen zaie laguntza, eta, hala badagokio, eskatzailearen ardurapean edo zaintzapean bizi direnei ere ematen zaie ostatu, adin nagusikoak edo adingabekoak izan.
Honako hauek dira erabiltzaileek bete beharreko baldintzak: langileen etengabeko presentziarik gabe ostatu-zerbitzu batean eman daitekeen intentsitate txikiko laguntza behar izatea; gizarte-zerbitzuen sarearen berezko horniduren aukeretatik kanpoko osasun-laguntza espezializatu edota iraunkorrik behar ez izatea; gaixotasun infekzioso eta kutsakor bat edota gaixotasun mentalen bat izanez gero, dagokion tratamendua ez baztertzea; bizikidetza normala modu larrian eragotzi dezakeen edota pertsonarentzat berarentzat, beste erabiltzaile batzuentzat edo esku har dezaketen profesionalentzat arriskutsua izan daitekeen portaerarik ez agertzea; eta gaixotasun infekzioso eta kutsakor bat zein gaixotasun mentalen bat izanez gero, dagokion tratamendua ez baztertzea.