Gonzalezek azken bost denboraldiak egin ditu Ermuko talde nagusia zuzentzen eta BKEko zuzendaritza taldearen arabera, ohituta dago harrobiko taldeekin gertutik lan egitera. Ohorezko Erregional Mailako taldeak abuztuaren 17an ekingo dio denboraldi-aurreari, ohorezko gazte mailako eta Euskal Ligako kadete mailako taldeekin batera.
Gonzalez talde teknikoa honako hauek osatuko dute: Aitor Elorriaga, Unai Martinez, Maria Mendia fisioterapeuta, Miguel Basterra atezainen prestatzailea eta Oscar Navarro delegatua.
Nola bukatu duzu BKEko entrenatzaile?
Azken bost urteak Ermuko lehen taldea zuzentzen egin ditut eta hamaika denboraldi daroatzat klub berrian lanean. Hasieran zehaztu genituen helburu guztiak bete nituen eta unea zen kluba uzteko. Gainera, azaroan aita izan behar naiz eta nire asmoa zen denboraldi batez talderik ez zuzentzea; baina Bergarako aukera sortu zen, eta dena aldatu zen.
Zergatik etorri zara Bergarara?
Baldintza asko daude Bergarako aukera bereziki erakargarriak egiten dutenak. Taldea herriko taldeez osatuta dago nagusiki, taldea gaztea da eta espero dut egunerokoan gustura egingo dugula lan. Klubak bertako jokalarien aldeko apustu irmoa dauka eta, gainera, hasieratik zuzendaritza taldearekin izan dudan feeling-a ezin hobea izan da. Hasieratik sentitu naiz etxean bezala eta Gipuzkoan Ohorezko Erregional Mailan entrenatzaile izatea ilusio berri bat da niretzat. Uste dut etxe barruan baldintza guztiak ditugula hurrengo denboraldia ona izan dadin.
Zeintzuk izango dira hurrengo denboraldirako helburuak?
Sailkapenari dagokionez gure helburua izango da maila mantentzea sufritu gabe. Hortik aurrera, nahi duguna da taldea ikustera datozen herritarrak harro egotea Bergarak duen taldeaz. Harrotasuna mantendu eta ilusioa areagotu nahi dugu, bereziki maila baxuenetan dauden neska-mutikoek lehen taldera igotzeko ilusio hori izan dezaten.