Jose Javier Barkero: "Futbolean hazten jarraitu nahi dut"

Jone Olabarria 2021ko uzt. 17a, 10:10

Barkero, Bergarako taldea zuzentzen egindako partidu batean, Agorrosinen

Bi denboraldiren ostean, gizonezkoen Erregional Mailako entrenatzaile izateari utziko dio. "Oso gustura" egon da Bergaran, eta harro agertu da egindako lanarekin.

Goranzko bidean ari zirela harrapatu zuen koronabirusak Bergarako Ohorezko Erregional Mailako taldea. Jose Javier Barkero aretxabaletarrak zuzendu du taldea azken bi denboraldietan, eta "harro" agertu da egindako lanarekin. Datorren denboraldira begira zer asmo duen ere zehaztu du entrenatzaileak.

Bergaran entrenatzaile egindako bi urte hauen ostean, zer balantze egiten duzu?

Egia esanda, oso gustura egon naiz, oso ondo hartu ninduten eta nire lana trankil eta gustura egiten utzi didate, konfiantzaz. Hori eskertzekoa da; are gehiago, urte zail hauetan, pandemiaren eraginez. Uste dut lan ona egin dugula denon artean.

Zein izan zen lehen inpresioa taldea ezagutzerakoan?

Talde gazte eta karakter handikoarekin egin nuen topo, lan egiteko gogotsu, nahiz eta hasieran konfiantza falta apur bat zuten. Gogor lan egin dugu eta lan horrek bere fruituak ematen dituela ikusi dute jokalariek. Uste dut inork espero ez zuen lekura heltzea lortu dutela; igoerarako play off-a jokatzera, esaterako.

Zer moduzko denboraldiak izan dira? Pandemia tarteko...

Taldearekin egin nuen lehen denboraldi hartan asko sufritu genuen, aitortu beharra dut. Egoera ere ezohikoa zen, berria denontzat. Azken denboraldi honetan, berriz, konfiantza irabazten joan gara, eta asko disfrutatu dugu, bai jokalariek, baita nik ere.

Zein izan da Bergarako entrenatzaile izateari uzteko arrazoia?

Futbola utzi nuenetik geratu barik ibili naiz, beti futbolari lotuta. Mundu honetan gehiago formatu nahi dut, falta zaidan titulu bat eskuratu gura nuke, eta hori dena familiarekin konbinatzeko denbora behar dut.

Hortaz, aurten ez zaitugu entrenatzaile lanetan ikusiko...

Lasai egotea da asmoa aurten; apur bat geratu eta familiarekin egon eta disfrutatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak