Euskal Herria osatzen duten zazpi lurraldeetako jokalari amateur onenak sailkatu ziren uztailaren 18ko txapelketa jokatzeko, guztira 32. Hala ere, uztailaren 18ko finala jokatu baino lehen, sailkatze fase bat jokatu behar izan zuten jokalari guztiek, non beste batzuen artean, Debagoieneko herri ezberdinetako jokalariak aurkitzen ziren. Bergarako Erreki jatetxean eta Zapelaitz tabernan jokatu ziren kanporaketa horiek eta jokalari debagoiendarren artean Aitor Sasiain, Jose Retes, Aritz Iñarra, Iñigo Alvarez eta Jesus Montero aurkitzen ziren.
Lehen kanporaketa horrek 30 egun iraun zituen, Bergarako taberna hauetan aurkitzen diren dardo makinetan edozein momentutan jokatu ahal zutelarik. Jokatutako hamar partida onenek balio izan zuten finalera sailkatu ahal izateko.
"Gogor" lehiaturiko finala
Horiek horrela, eta fase guztiak gaindituta, Maykon Camposek uztailaren 18an jokatutako finalera iristea lortu zuen. Finalera iritsita lau kanporaketa fase gainditu behar izan zituen, non Peli (Berriozar), Frez (Trapagaran), Mariettyy (Irun) eta Walter (Lasarte) izan zituen lehiakide.
Lau kanporaketetan garaile izan ostean, Bergarako jokalaria Orioko Jon Lertxundiren aurka lehiatu zen final handian, "gogorki lehiatuz" domina eskuratzeko. Hala, Erreki Jatetxeko jokalariak eskuratu zuen urrezko domina, Maykon-ek hain zuzen ere, 2 eta 1 geldituz markagailua.
Hemendik aurrera
Orain, atsedenaldi garaia datorkie dardo jokalariei, negua berriz iristeko "irrikan" badira ere, txapelketa berriei aurre egiteko.
Hurrengo lehiaketei begira jarrita, herri mailan jokatzen den Bergarako Kopa izango du erronka Maykon Camposek; pasa den urtean garaile izan zen bertan. Bikotekako Txapelketa ere izango du aupada datorren irailean.