Ander Estella: "Poligonoa auzo adindua dela asko igartzen dugu"

Jone Olabarria 2021ko uzt. 30a, 11:51

"Javierren semea" bezala ezagutzen dute askok, baina lau urteren ostean, "apurka" bada ere, auzotarren konfiantza irabaziz doala aitortu du farmaziako arduradunak.

Eustaten azken datuen arabera, Bergarako Matxiategi auzoa da Gipuzkoa osoan biztanleria zaharkituena duena. Bertan erreferentziazkoa da Ander Estellak gidatzen duen farmazia. Betidanik gustatu izan zaio jendearekin harremana, eta hori baloratzen du gehien bere eguneroko lanean.

Familiatik etorri zaizu farmazia hau, baina zuk zeuk ere tradizioarekin jarraitu duzu farmazia ikasita...

Ni ikerlaria izan naiz, hamabost urtez guztira. Nafarroako unibertsitatean ikasi, eta bertan ikerlari aritu ostean Europara joan nintzen, lau urtez, Suitzara. Aita jubilatzeko unea iritsi zenean baina, etxera itzuli nintzen. Ikerkuntzak, zoritxarrez ez du aukera duinik ematen, ez dago hainbeste lan, eta Espainiar estatuan are okerragoa da.

Zer moduz hartu zintuzten farmazian? Ez zen erraza izango aita ordezkatzea hainbeste urteren ostean...

Oso ondo, ezin naiz kexatu. Hasieran Javierren semea bezala ezagutzen ninduten denek, aitortu beharra dut. Baina apurka apurka Javierren semea izateari uzten ari natzaio, geroz eta gehiagorentzat naiz Ander, baina kostata oraindik.

Hainbeste urtez kanpoan bizi ostean, zer nahiago?

Hemen egonda, lagunak eta familia gertuago dauzkat eta hori asko baloratzen dut. Baina kanpora irtetean ere zure ikuspuntua zabaldu eta jende ezberdina ezagutzeko aukera duzu. Jabetzen zara badagoela beste zerbait hemendik kanpo, eta denok ezberdinak izanda ere nola bizi gaitezkeen batera.

Matxiategiko farmazian, gehienak 60 urtetik gorakoak izango dira...

Asko igartzen dugu poligonoa auzo zaharkitua dela. Hemengo bezeroa 60-65 urtetik gorakoa da, nahiz eta umeak geroz eta gehiago ikusten ditugun.

Zer da farmazialari izatearen onena? Eta okerrena?

Farmazian lan eginda, jendearekin duzun hurbiltasuna. Jendearekin egotea asko gustatzen zait; are gehiago orain, hainbeste arazo dagoela anbulategira joateko edota pertsonal sanitarioarekin harremana izateko.

Eta ikerketaren alorrean?

Ikerkuntzan zailena beti aurrera jarraitzea da, diru-laguntzak lortzea adibidez. Hainbeste zailtasunen ostean baina, zerbait ona aurkitzen duzunean poztasuna ikaragarria da, merezi duela sentitzen duzu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak