Unai 'Arieta': "Behetik gatozenok kasta erakusten dugu futbol zelaian"

Hasier Larrea 2021ko uzt. 10a, 16:56

Arieta, Lehen Mailako partidu batean. (Irudia: Eibar KE).

Eibarrekin kategoria gorenean debuta eginda, datorren denboraldian Bigarren Mailan saiatuko da talde armagineko hamaikakoan bere tokia egiten Unai Arietaleanizbeaskoa aurrelari bergararra.

Joan den sasoiko lau partidutan egin zuen Jose Luis Mendilibarrek Arieta-ren (Bergara, 1999) aldeko apustua, eta bigarren zatietan pizgarri bezala zelairatu. Talde berean jarraituko duen arren, beste erronka bat du orain aurretik, Bigarren Mailan jokatuko baitu entrenatzaile eta jokalari berriekin.

Nola bizi izan duzu denboraldia?

Niretzat ikasteko urtea izan da, polita benetan. Denboraldi-aurrea lehen taldearekin egin arren, Eibarren harrobiko taldearekin ere, Vitoriarekin, aritu naiz jokatzen, Hirugarren Mailan. Goian jokalariak falta zirenean deitzen ninduten entrenatu eta, kasu batzuetan, partiduak jokatzeko. Hala, Elxen, Alavesen, Real Madrilen eta Granadaren aurka jokatzeko zortea izan dut. Kontrara, egonkortasuna falta izan zait bi taldeetan.

Emaitzak falta izan zaizkizue aurten Eibarren.

Egia da; hala ere, atzera begiratuta, sari bat bezala ikusten dut aurten bizitakoa.

Zaleak zenbateraino dira garrantzitsuak?

Zerbaitegatik esaten da hamabigarren jokalaria direla. Duela sei urtetik naiz klubeko bazkide, ondo ezagutzen dut Ipuruan sortzen den giroa. Aurten etxean jokatutako neurketak oso desberdinak izan dira, entrenamenduak ziruditen; inor begira ez egotea, kanpoko presiorik ez sumatzea... Arraroa egin zaigu.

"INORK EZ ZUEN SINISTUKO, IGOERA LORTU BERRITAN, EIBARREN LEHEN MAILAKO IBILBIDEA"

Jaitsiera egunean loreak bota zizkizueten aurkari guztiek.

Gogoan dut Eibarren igoera, duela zazpi urte. Kadete mailan nengoen orduan, eta guztiontzat izan zen sorpresa. Ondoren jazotakoa ere sinestezina izan da. Nork esango zuen hainbeste denboraldi egingo genituenik elitean? Sekulako balioak dituen herri txikia da Eibar; beharbada, horregatik erakutsi digute horrenbesteko begirunea.

Irudia: Eibar KE.

Mendilibarren itzala kanpotik dirudiena bezain luzea izan al da?

Eibarrek maila mantendu duenetan gehiegi sufritu ez badu, hori entrenatzailearen aginduak jokalariek zelaian bete dituztelako izan da. Ekipo guztiak sinistu du beti bere esanetan.

Orain, beste ezagun bat, Gaizka Garitano, egongo da aulkian.

Gauzak ondo egin ditu bere ibilbidean. Nire lana gustatzen bazaio, aukerak izango ditut minutuez gozatzeko. Harrobikook badakigu emaitza pertsonalak lortzeko lan gehiago egin behar dugula. Bestalde, Lehen Mailatik Bigarrenerako aldea ez da hain handia; denboraldiaurreak markatuko du, hein batean, ze rol izango dudan.

Beste bi euskal talderekin lehiatuko zarete.

Ezagutzen ditut Sanseko eta Amorebietako zenbait jokalari. Talde bizkaitarrean Aitor Arregi bergararra dago, gainera. Auzo berekoak gara biok!

"TALDEA NIRE GOLEN AURRETIK DAGO; DENA EMATEN DUT ZELAIAN, ETEKIN KOLEKTIBOAGATIK"

Aldagelan, ordea, hutsuneak izango dituzue, ez al da hala?

Normala den bezala, talde erdik egin du alde, Lehen Mailan jokatzen jarraitu nahi dutelako. Plaza horiek betetzeko, hemendik eta abuztua bukatu arte fitxaketa ugari egingo ditu klubak, iazko tokira itzultzeko helburuarekin. Orain bertan, Quique Gonzalez, Fran Sol eta biok gara aurrelari bakarrak.

Sergi Enrich eta Kike Garcia joan egin baitira.

Eurengandik ikasi dut, bereziki. Gero, sekulako pertsonak ezagutu ditut talde barruan; baten bat nabarmentzearren, Yoel Rodriguez atezaina.

Batzuek ondo aprobetxatu dute egonaldia, ezta?

Bryan Gilek, adibidez, sekulako denboraldia egin du, Espainiako selekzioan debutatzeraino. Proiekzio eta etorri handia dauka, igartzen zaio urrun iritsi nahi duela.

Ez da klubaren asmoa izango kanpoko talentuak erakartzetik bizitzea, hala?

Azken urtean etxeko lauzpabost jokalarik jaso dugu talde nagusiarekin debutatzeko bultzada; esango nuke ez dela halakorik ikusi azken zazpi urteotan. Ikusten da, poliki-poliki, harrobiari garrantzi handiagoa ematen diotela. Udan etxeko zortzi jokalarik osatuko dugu liga aurreko prestaketa Garitanorekin.

CD Vitoriako elastikoarekin.

Zergatik irteten dira hainbeste euskal jokalari elitean?

Athleticek, Realak, Amorebietak eta halako klubek ikusi dute etxekoa lehenesteak emaitza onak dakartzala. Prestatzaileek lan handia egiten dute harrobiaren alde, eta, jokalarioi momentua iristen zaigunean, konfiantza ematen digute. Badakite kanpokoa izateak ez duela esan nahi hobeak direnik, bertakook kasta handia erakusten baitugu.

Zu zeu zer-nolako jokalaria zara?

Borrokalaria naiz, taldeagatik dena ematen duen aurrelaria. Guztiaren aurretik dago lana, eta gero, irtengo dira gauzak hobeto edo okerrago. Nahiago dut ekipoak lan txukuna egitea nik neuk golak sartzea baino.

Noiz arte ikusiko zaituztegu Atxabalpen entrenatzen?

2021/22 denboraldian zehar, gutxienez, Arrasateko Garagartza eta Gesalibar auzoen arteko futbol zelaietan arituko gara astean zehar. Bien bitartean, aurrera egingo du Areition eraikitzen ari diren kirol-hiriaren proiektuak. Klubak ez du 2023a aurretik bertara lekualdatzea aurreikusten.

Futbolarien kirol-ibilbidea laburra dela kontuan hartuta, garrantzia ematen diezu ikasketei?

Noski, horregatik nabil Mondragon Unibertsitatearen Oñatiko Campusean Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza ikasten. Gradu Amaierako Lana, hain justu, Areitioko kirol-hiriaren inguruan idatzi dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak