Bergarako Udal Gobernua, "bi urte berezi hauetan" eginiko lanarekin "pozik"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko uzt. 8a, 19:42
Agintaldirako 'Izan, Bizi, Ekin' planaren aurkezpena, otsailaren 21ean.

2019ko ekainaren 15ean alkatetza eta Udal Gobernuaren ardura hartu zutenetik bi urte eta ia hilabete pasatu dira, eta agintaldi erdiko balorazioa egin dute; pandemiak "guztiz" baldintzatutako bi urteotako erronkei ondo erantzun dietela diote. Bideo baten bidez ere eman dute balorazioaren berri.

2019ko maiatzaren 26ko udal hauteskundeak irabazi ostean, ekainaren 15eko osoko bilkuran hartu zuen EH Bilduk Bergarako alkatetza, Gorka Artola buru. Bi urte eta hilabeteren ostean, agintaldi erdiko balorazioa egin du Udal Gobernuak bideo baten bidez. Hasteko eta behin, Gorka Artola alkateak azpimarratu du COVID-19ak "guztiz" baldintzatutako "bi urte berezi" izan direla: "Atzera begira jarriz eta balantzea eginda, uste dut positiboa izan dela. Jakin dugu egokitzen egoera berrira eta Bergarak behar zuen erantzun hori ematen".

Eta erantzun hori lortzeko "talde sendoa" dutela nabarmendu du Artolak: "Bateratua eta ilusioz dabilena. Orain dela bi urte besteko edo ilusio eta indar handiagorekin lanean diharduena. Bergararekin eta bergararrekin konprometitua eta datozen bi urteetan ere borondate berarekin jarraitu nahi duena".

"Pertsonak erdigunean" jarrita

Alkatearen arabera, pertsonak erdigunean jarri dituzte agintaldi hasieratik: "Bai pandemia sasoian eta baita orain ere. Orduan, elkartasun sarearekin, aisialdi eragileekin, kultura eragileekin, enpresariekin, merkatari eta ostalariekin, ahalik eta eragile gehienekin lanean jardun dugu esparru guztietan, eta, batez ere, zaurgarrienei erantzuna emateko. Eta egokitzen saiatu gara bai udal zerbitzuak eta baita kanpora begirako eskaintza ere. Bai kirol arloan, hezkuntza ikuspegian, aisialdian eta kulturan. Alde horretatik, uste dut lan handia egin dugula eta hori helarazi dugula beste hainbat esparrutara ere".

Herritarrekin elkarlanean lan egiten jarraituko dutela diote: "Gure egiteko modua da"

"Inguruarekin konprometituta"

Nagore Iñurrategiren arabera, "inguruarekin konprometituta" daude: "Indar berezia egiten dugu interes orokorra eta tokian tokiko beharren arteko oreka topatzen, beti erraza ez izan arren. Auzoak erdigunera ekarri ditugu eta hainbat interbentzio egiten ari gara herritarren bizimodua hobetzeko, hala nola baserri-bideak konpondu eta mantenduz eta Uberako eskola-etxea auzotarrei lagaz". Iñurrategik, era berean, herrigune jasangarri baterantz jotzeko hartu dituzten neurriak aipatu ditu: "Berrantolaketa egin dugu, gehienezko 30 kilometro orduko abiadura muga legeak eskatu baino lehenago ezarrita, Oinezbusaren aldeko apustua eginda, eta bizikletendako aparkalekuak egokituta".

Antolaketa berriaz harro

Bestalde, Ainhoa Lete zinegotziak zehaztu du bergararren aukera berdintasuna bermatzea dela euren "oinarrizko printzipioa". Horren adibide moduan jarri du Letek kirol egokituaren eskaintza handitu izana eta euskara ikastea merkatzea. Horrez gain, memoriaren lanketan ere jarri du arreta alkateordeak: "Aurrera egiteko atzera begiratzea beharrezkoa da eta memoria historikoa berreskuratzeko bidean gerrako umeei omenaldia egin diegu Intxortarekin batera, eta frankismoaren kontrako kereila Estrasburgora eroan dugu". Bestalde, udal batzordeen antolaketa eredu berriarekin harro dago EH Bildu; gogora ekarri behar da hamar batzordetik gora izatetik hiru batzorde osatzera pasatu direla: Lurraldea, Antolaketa eta Herritarrak.

"Herritarrekin elkarlanean"

Amaitzeko, Herritarren arloko arduradun Ekaitz Aranberrik bi urte hauetan herritarren partaidetzaren bidez landutako proiektuak aipatu ditu: "Hau dena egiten gabiltza herritarrekin, elkarlanean. Gure egiteko modua delako. Parte-hartze prozesuetan bai, baina baita egunerokotasunean ere. Hamaika adibide ditugu: Bergara 2030 Egin herrixa plan estrategikoa; azoka biziberritzeko prozesua; turismo plana, Bizipoza eguna, BKErekin hitzarmena berritzea...".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak