Madrilgo movida-ren garaian sortutako taldea da Malevaje; Antonio Bartrinak, Fernango Gilabertek, Ramon Godesek eta Edi Clavok –Gabinete Caligari– abiatutakoa, 1984an. Tangoa izan da taldearen ikur eta arima, eta, hamasei disko bizkar-gainean, hala dela berresten dute.
Hirukote formatuan jarduten dute egun: Bartrina –ahotsa–, Gilabert –kontrabaxuan– eta Fernando Giardini –gitarra eta bandoneona–. Hiru kontzertu egingo dituzte datozen egunotan Euskal Herrian: Bergaran izango dira gaur, Soraluzen bihar eta Ermuan domekan. "Ilusio handiarekin gaude berriz jotzen hasteko, eta, are gehiago, Euskal Herrian, non beti oso gustura egon garen eta ondo hartuak izan garen. Orain dela bizpahiru urte izan ginen azkenekoz. Orokorrean, lur horietako oroitzapen politak ditugu", esan du Antonio Bartrinak.
Tangoarekin maiteminduta
Taldearen hastapenetan, apenas zegoen tango doinuak egiten zituen talderik, rocka indartsu jotzen hasi zen garaiak ziren. "Rocka aurkitu aurretik hasi nintzen tangoa entzuten, eta 16 urte inguru nituela hasi nintzen kantuen hitzak ulertzen, eta orduan harrapatu ninduen tangoak, oso gauza gogorrak eta hil ala bizikoak esaten zituztelako. Carlos Gardel zen gurera heltzen zen estilo horretako musikari bakarra, eta ondoren ezagutu nuen Carlos Acuña, nire aitaren lagun handia izan zena", dio abeslariak.
Tangoaren hilezkortasuna defendatu dute beti, konposizioak modernizatuz; izan ere, "betiko sentimenduak" abesteko modu propioa izan dute hastapenetatik. "Tango berezi samarra zen hasieran egiten genuena, eta oso azkar joan zen dena. Osvaldo Larrea ezagutzeko aukera izan genuen gero, eta esango nuke harekin tango "tangeroagoa" egiten hasi ginela, eta, hortik abiatuta, dena aldatzen joan zen. Uste dut gure diskoak eta ikus-kizunak oso ezberdinak direla elkarren artean, baina gure izaera galdu barik".
'Vino amargo' lanarekin
Malevaje "helduaroan dago", gozatu eta gozatzeko garaian daudela gaineratu du taldeko liderrak: "Egindako bidea luzea izan da, dagoeneko 37 urte, eta uste dut, beti errespetuz, baina musikalki nahi duguna egiteko unean gaudela. Publiko zabalarentzako izan dira beti gure kontzertuak, ez dago gure musikarako publiko zehatzik. Zortea izan dugu gure emanaldietan familia bereko hiru belaunaldi elkarrekin ikusita".
37 urteko ibilbidean hamasei disko argitaratuta, "gozatzeko unean" dago Malevaje
Vino amargo izena du orain zuzenean eskaintzen ari diren ikuskizunak. Herriko musikari egindako omenaldia da, tangoa interpretatzeaz gainera, besteak beste, frantziar-kantuari eta flamenkoari ere tokia eginda. "Musikari oso garrantzitsu batek egin zidan proposamen batetik sortu zen Vino amargo proiektua. Nik aukeratutako askotariko estiloetako kantuekin bere orkestrarekin disko bat grabatzea proposatu zidan. Aukeraketa hori egin nuen, baina Ameriketako Estatu Batuetatik deitu zioten gizon horri gero, eta, ondorioz, bertan behera geratu zen gure ekimena. Hala ere, aurrera egitea erabaki nuen, eta nire modura eta nire jendearekin osatu nuen lan berria".
Aurre-salmentarik ez
Berumugako emanaldi guztiak dohainik dira, baina edukiera mugatua dute, eserlekuak bete bitartean, ez dute-eta aurrez gonbidapenik banatuko. Bihar, Soraluzen egingo duten kontzerturako sarrera, berriz, bost eurotan dago.