Presoak gogoan hasi dute Kataluniaren eta Euskal Herriaren arteko topaketa

Julen Iriondo Mtz. de Zuazo 2021ko eka. 25a, 22:30

Bergarako eta Manlleuko –Bartzelona– herritarren arteko topaketa hileko azken ostiraleko ekimenarekin bat eginez hasi dute arratsaldean. Kataluniarrei harrera egin eta gero, Askatasun Martxa deitu dutena egin dute, Presos llibertat-Presoak etxera leloarekin.

Gure Eskuk antolatuta, Bergarako Udalaren babesarekin eta herriko hainbat eragileren parte-hartzearekin, Bartzelonako probintziako Manlleu herriko 40 lagun inguru etorri dira asteburuko topaketan parte hartzera. Gaur arratsaldean egin diete bergararrek harrera, eta manifestazioa egin dute jarraian, presoen askatasuna eskatuz.

Bi ilaratan banatuta zeharkatu dituzte Bergarako kaleak, batean estelada eta bestean ikurrina buruan, eta presoen aldeko ikurrekin. Askatasun Martxa amaitzeko hitzartzeak izan dira. Gure Arteraren izenean Pili Gartziak egin du berba: euskal presoen gerturatzeei eta asteon politikari kataluniarrek jasotako indultuei balioa eman arren, amnistia eta euskal presoentzat beste espetxe politika bat aldarrikatu ditu, gaitz larriak dituztenak eta 70 urtetik gorakoak etxeratzea, espainiar Estatutik kanpo betetako zigor urteak aintzat hartzea eta gradu progresiorako aukera: "Euren espetxe legedia betetzea, azken finean".

Kataluniarren izenean, berriz, Arran gazte mugimenduko Eduard Castellsek hitz egin du. Azken urteetan Kataluniako askotariko mugimenduetako militanteak errepresio eta jazarpen bortitza jasaten ari direla salatu du, Espainiaren partetik, baina ERC eta Junts ere kritikatu ditu, hainbat militanteren kontra egiteagatik.

Indultuen gainean adierazi du jendearen desmobilizazioa bilatzen duten truke txanpona direla, baina ez dutela lortuko; Kataluniarako irtenbidea independentzia dela adierazi du Castellsek.

Ekitaldia amaitzeko Agure zaharra (L'estaca) abestia abestu dute elkarrekin, batzuek euskaraz eta besteek katalanez. Bihar izango da asteburuko egun nagusia, egitarau bete-betearekin.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak