David Fernandez: "Badago antzekotasunik bi prozesuen artean"

Maialen Santos 2021ko eka. 25a, 19:43
David Fernandez, CUP alderdiko kidea. (Argazkia: Jordi Borras)

Bartzelonako Manlleu herriko 40 lagunek eta Bergarako Gure Eskuko kideek topaketa egingo dute bihar; harremanak estutu eta indarrak batzea dira helburuetako bi.

David Fernandez (Bartzelona, 1974) CUP alderdi politikoko kide eta Kataluniako Parlamentuko diputatu ohiak bideokonferentzia bidez parte hartuko du topaketan, eta autodeterminazio prozesuak "zein unetan dauden" izango du berbagai, besteak beste.

Hausnarketarako eguna izango da biharkoa...

Bi herriak anaitzeko eguna izango da; esperientzien elkartrukea. Erabakitzeko eskubidearen bueltan hausnartuko dugu. Egia da Kataluniako eta Euskal Herriko agertokiak ezberdinak direla, prozesu bakoitza ezberdina delako, baina, edozelan ere, badute antzekotasunik ; biek dute zerikusia Espainiako Estatuarekin. Eztabaidarako tartea izango dugu bihar.

Zein ekarpen egingo duzu?

Hainbat gai jorratuko ditugu. Hasteko, herri bakoitza zein unetan dagoen aztertuko dugu: Katalunia, urriaren 1az geroztik nola dagoen; eta Euskal Herria, Europari lotutako bake prozesuari dagokionez eta baita Espainiari lotuta ere. Jarraian, Gure Esku egiten ari den ekarpenaz jardungo dugu, uste dugulako herri mugimenduek ekarpen handia egiten dutela erabakitzeko eskubidearen testuinguruan. Erreferenduma ere izango dugu berbagai, jakina; nire iritziz, Kataluniarendako irtenbide bakarra horixe da. Beste kontu bat da erreferenduma nolakoa den; alegia, hitzartutakoa edo alde bakarrekoa. Gurako nuke hitzartutakoa izatea, Eskoziakoa legez, baina zaila ikusten dut gure kasuan hala izatea.

Diozu autodeterminazio prozesuetan iraunkortasuna dela gakoa...

Hala da, bai. Errepresio jarraitua hiru urte eta erdiz jasaten egon ostean, azken hauteskundeetan argi ikusi zen Espainiako Estatuaren eta bere errepresio estrategiaren porrota, eta hori bi borrokek emandako fruitua da. Autodeterminazio prozesuak oso luzeak dira, eta iraunkortasuna da izan dezakegun erreminta onena. Kontziente izan behar dugu ondo eta gaizki egindakoez, eta baita egiteke dagoenaz ere. Uste dut bidearen zati handi bat egin dugula, baina bidea luzea da.

Kataluniako buruzagi independentistak kalean dira eguaztena ezkero. Urrats bat al da?

Indultuek errepresio kasuen %0,27 konpontzen dute soilik; eta amnistiak, ostera, guztiak. Beraz, oraindik asko dago egiteke. Halere, presoek espetxea uztea ospakizunerako motibo izan zen, duda barik. Hau lehen urratsa da; ez, ordea, azkena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak