Kotoiaren emakumeak omentzeko erakusketa irekiko dute gaur Laboratoriumen

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko eka. 25a, 07:45

'Kotoiaren emakumeak' erakusketa Andoainen; Laboratoriumen gaur irekiko dute, urriaren 10era arte. Argazkia: Dabid Argindar.

Kotoiaren emakumeak izeneko erakusketa irekiko dute gaur Laboratoriumen, eta urriaren 10era arte egongo da ikusgai; Andoaingo eta Bergarako kotoi-fabriketan lan egin zuten emakumeak omentzea du helburu "oso bisuala eta sentsoriala" den proiektuak.

Erakusketa oso berezia irekiko dute gaur Laboratoriumen: Kotoiaren emakumeak. Garai bateko emakume langileak omentzea du helburu erakusketak; kasu honetan, Bergarako Algodonera San Antonio eta Andoaingo La Algodonera Gipuzcoana lantegian lan egin zuten emakumeak. Andoainen martxoaren martxoaren 3tik 20ra egon zen erakusketa zabalik eta bigarren geltokia Bergarako Laboratorium izango da; urriaren 10era arte bisitatu ahalko da.

Askotariko arte diziplinak

Askotariko arte diziplinen bitartez emakume haien bizi-istorioak kontatuko dira, haiek bizi eta sentitu zutena azalduz. Hala, emakume protagonisten audioak, Fanny Alonsoren moda bilduma, Maialen Porroyren ilustrazioak, Dabid Argindarraren argazkiak, Nerea Tuduriren poemak eta Nerea Bengoetxearen abestia izango ditu, besteak beste, erakusketak.

Bi emakume, Andoaingo erakusketan. (Argazkia: Dabid Argindar).

Oso baldintza gogorretan lan egiten zuten arren, fabrikan zein etxean, "emakume biziak, alaiak eta eskuzabalak" izan ziren, erakusketako zuzendari Fanny Alonsok azaldu duenez. Erakusketa "oso bisuala eta sentsoriala" dela aurreratu du zuzendariak: "Emakume horien bizitzetan sartzeko aukera izango du bisitariak. Ikusi, entzun eta sentitzeko erakusketa izango da. Andoaingo emakumeen bizitzatik hasita Bergarako emakumeengana pasatuko gara, sorpresa batekin. Usainarekin ere garai hartara bidaiatzeko gonbita egin nahi dugu; ea lortzen dugun... Erakusketan zehar bisitariaren zentzumen guztiak adi egotea lortu nahi dugu".

Hainbat bisita gidatu antolatu dituzte; izena eman behar da Laboratoriumen: 943 76 90 03

Emakume "aitzindariak"

Nondik datorren erakusketa? Fanny Alonsok honela azaldu du: "Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Moda gunean ari naiz lanean eta bertan garatzen ditugun ekintzen artean urtero bi desfile antolatu behar izaten ditugu. Iaz atera nahi nuen bilduma kotoi organikoaz egindako teletan oinarritu nahi nuen; bilduma berri baten murgiltzen naizenean, beti saiatzen zerbait kontatzen, gaia testuinguruan jartzen... Pixkanaka hasi nintzen Andoaingo kotoi-fabrikaz ikertzen eta konturatu nintzen Andoaingo herritar mordo batek egin zuela lan kotoi-fabrika zaharrean; tartean, nire ama. Proiektuari esker jakin nuen nire ama zenak bertan egin zuela lan".

Ama bertako langile izateak bere interesa handitu besterik ez zuen egin: "Atera nuen bilduma, baina gerora konturatu nintzen informazio mordo bat nuela erabili barik eta zerbait egin behar nuela. Eta erakusketa bat antolatzea bururatu zitzaidan; argi nuen ez nuela erakusketa bakarrik antolatuko, kotoi-fabrikaz eta bereziki bertako emakumeak protagonista izango zituen proiektuan askotariko arte diziplinak tartekatu nahi nituela".

Alonsok argi du emakume haiei asko zor zaiela: "Aitzindariak izan ziren. Argi daukat emakume haiek egindako lanagatik ez balitz gaur egungoa baino are okerragoa izango zela emakumeon egoera. Ausardia handia erakutsi zuten; gaur egungo egoera urrun dago berdintasunetik, baina haiek baino askoz egoera hobean gaude".

Bisita gidatuak

Erakusketa xehetasun guztiekin azaldu eta anekdota zein kontu txikiak azaltzeko asmoz, hainbat bisita gidatu antolatu dituzte, euskaraz eta gazteleraz. Uztailaren 7an, 21ean, 28an, abuztuaren 4an, 25ean eta irailaren 1ean izango dira bisita gidatu horiek, 12:00etan hasita. Aldez aurretik izena eman behar da 943 76 90 03 telefono zenbakira deituta edota laboratorium@bergara.eus helbidera mezu elektroniko bat idatzita.

Ikastetxeekin lantzeko asmoa

Gaia "oso interesgarria" dela iritzita, Alonsok belaunaldi berriekin ere partekatu nahi izan du proiektua hasieratik, eta asmoa da Bergaran irailetik aurrera lantzea gaia eskoletan: "Nahi duguna da ikasle gazteek emakume horien bizipenak lehen pertsonan entzutea, halakoak ez dira-eta historia liburuetan agertzen".

Fanny Alonso, Itziar Igarza, Kristina Markina eta Anne Galarraga. (Argazkia: Dabid Argindar).

21 testigantza; zortzi, Bergarakoak

Erakusketaren helburua "emakume aitzindari" horiek guztiak omentzea izanik, Fanny Alonsok 21 emakumeren testigantzak jaso eta erakusketara eroan ditu. Andoainen hamahiru emakumerekin egon zen eta Bergaran, berriz, zortzirekin egon da: Itziar Igarza eta haren alaba Kristina Markina –goiko argazkian, Alonsorekin eta erakusketako komunikazio arduradun Anne Galarragarekin–, Angela Latorre, Maria Jesus Amutxastegi, Maria Luisa Agirreolea, Natividad Agirre, Felisa Mugika, Ane Miren Olabarria eta Izaskun Agirregabiria. Testigantza horiek jasotzeko prozesua, Andoainen edo Bergaran izan, "gozamen itzela" izan dela dio Alonsok: "Kotoi-fabrikan bizitakoez harago euren bizitza ezin interesgarriagoen lekuko izan naiz, eta horrek ez dauka preziorik. Nire amonatxo bihurtu dira; maitasun handia hartu diet".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak