Noiz eta nola heldu zinen Jarduneko presidente izatera?
Urte batzuk neramatzan zuzendaritza batzordean, eta aurreko presidenteak erreleboa nahi zuela-eta proposamena egin zidaten. 2019ko martxoan izendatu ninduten presidente.
Nolakoa ari da izaten zure agintaldia?
Pandemiak baldintzatutakoa, erabat. Saiatu gara jarduerari eusten eta egoerara egokituta aurrera egiten. Bestalde, langileen baldintzak hobetzeko hitzarmen berria aplikatzen hasi ginen 2020an; horrek egonkortasuna eman dio elkarteari.
Zertan eragin dizue pandemiak?
Erabat baldintzatu du gure jarduera. Ekintza gehienak taldean gauzatzen dira, eta hori ezinezkoa izan da edo oso murriztua egon da. Oraindik ere ez ditugu zenbait ekintza berreskuratu; adibidez, asteburuetako umeen aisialdikoak. Eta berreskuratu ditugunak talde txikietan eta neurri zorrotzekin izan dira.
Euskara izan da pandemiaren beste biktima bat? Ze iritzi duzu?
Bai. Herritar askok ez dute etxean euskaraz egiteko aukerarik. Euskaraz egiteko zituzten gune eta aukerak kenduz, ohitura eta erraztasuna galtzea eta erabilera gutxitzea ekarri du.
Azken urteetako dinamikarik nabarmenduko zenuke?
Martxan genituen ekintzak mantentzera bideratu ditugu indarrak; itxialdian, esaterako, euskara sustatzeko online ekintza batzuk antolatu genituen.
Batzar orokorra egin zenuten ekainaren 17an. Zer moduz?
Bazkide gutxi egon arren, ondo joan zen. Ondorioa da pandemiak ekonomikoki asko kaltetu duela elkartea; gastuak murriztu eta sarrera berriak lortzeko ahalegina egin behar dugu.
Badatoz udaleku irekiak. Nolakoak izango dira?
Nahiz eta egoera hobetzen ari den, oraindik ere pandemiak markatutako udalekuak izango dira. Lehen, umeak gune bakarrean egoten ziren, eta orain, pandemiagatik, herriko hiru ikastetxeetara zabaldu da. Bestalde, neurri bereziak hartuko dira eta begiraleko umeen ratioa ohi baino txikiagoa izango da. Ahal den ekintzak guztiak kanpoaldean egiten saiatuko gara eta, musukoa dagoeneko derrigorra izango ez den arren, gomendagarria dela-eta berau erabiltzea bultzatuko dugu. Haur Hezkuntzako laugarren mailatik Lehen Hezkuntzako seigarren mailara bitarteko 376 umek hartuko dute parte eta 50 begirale egongo dira eurekin.
31 urte bete ditu Jardunek. Asko aldatu dira gauzak, ezta?
Gauzak asko aldatu dira. Sorreran, esaterako, Berrigara aldizkaria zen Jardunen ekimen nagusienetako bat. Ondoren, kulturak eta aisialdiak hartu zuten lekukoa eta, gaur egun, aisialdiak pisu handia izaten jarraitzen duen arren, herritarrak sentsibilizatzeak eta euskararen erabilera sendotzeak garrantzia hartu dute. Bestalde, Udalak lehiaketa publikora ateratzen dituen zerbitzuak kudeatzen ere hasi ginen orain dela urte batzuk: ludotekak, Aroztegi aretoa, Osintxuko liburutegia… Honek Udalarekin dugun harremana sendotzera eraman gaitu. Lantaldea ere asko hazi da urteotan; gaur egun, 15-20 pertsonako lantaldea osatzera iritsi gara.
Ezer gaineratu nahiko zenuke?
Jardunek bakarrik ezingo duela Bergara euskaldundu. Herritarren eta eragileen parte hartzea, inplikazioa eta elkarlana ezinbestekoak izango dira.