Beñat Rezustak ezin izan du Buruz Buruko txapelketako txapela Bergarara ekarri. Saiatu da batera edo bestera Altuna mendean hartzen, baina Amezketakoak maila aparta erakutsi du, sasoi handiarekin eta akats gutxirekin.
Altuna lehenengo momentutik jarri da markagailuan aurrean, eta Rezustak lehen tantoa egin duenerako zazpi zeramatzan txapeldun berriak. Bergarakoak egin ditu ahaleginak tartea murrizteko, baina ezinezkoa izan zaio. Batez ere partidaren lehen zatian pilotakada askoko tantoak egon diren arren, bigarren zatian Altunak bere nagusitasuna nabarmenagoa egin du, eta Rezustak ez du asmatu aurre egiten. 209 pilotakadaren ostean, 22-5 izan da azken emaitza. Buruz Buruko bigarren txapela du Altunak; Rezustak oraingoz, itxaron egin beharko du.
Rezusta: "Jokatzeko ekarri dudan moduarekin konforme nago"
"Beti nahi duzu gehiago, eta 22 eta 5 galduta ezinezkoa da pozik egotea. Baina Jokinek bikain jokatu du, hasieratik ondo sartu da partiduan, saketik min egiten. Menderatzen nenbilen tanto apur horietan ere oso ondo ikusi dut defendatzen. Ez da bat ere erreza izan", adierazi du Beñat Rezustak partiduaren ostean, eta gaineratu: "Akaso izan ditudan pilota batzuekin gehiago gozatu nezakeen, baina ez dut uste 5ekin galtzeko desastre bat egin dudanik".
"Izan balitz oso gaizki sentitu naizela, edo oso oker jokatu dudala... Baina ez da kasua izan. Pilota izan dudanean saiatu naiz menderatzen, bera lekutik ateratzen, baina ez du lortu. Eta hori bere meritua da, gauzak nik baino askoz hobeto egin dituelako. Baina jokatzeko ekarri dudan moduarekin konforme nago", esan du, era berean, Bergarakoak.