Jose Mari Larrañaga hil da, Lanbide Heziketa odolean zeraman pertsona

Julen Iriondo Mtz. de Zuazo 2021ko eka. 14a, 17:11

Zahar eta Gazte elkartearen aurkezpenean, Jorge Arevalorekin eta Ina Larrañagarekin, haien ezkerrean.

Atzo hil zen Larrañaga, 75 urte zituela. Lanbide Heziketaren eta Miguel Altuna ikastetxearen bultzatzaile izan zen bere ibilbide profesional osoan, eta, erretiroa hartuta ere, beti mantendu du Bergarako eskolarekiko lotura, azken hatsera arte.

Hala baieztatu du ikastetxeko zuzendari Joxu Aranak; hil hurren zela, harekin hitz egin nahi izan zuen Larrañagak, lehendik jorratzekoak zituzten kontu batzuetaz jarduteko, eta egubakoitzean izan ziren elkarrekin.

1991tik, 11 urtez izan zen Jose Mari Larrañaga zuzendari Miguel Altunan. Bera zuzendari zela jarri zuen martxan ikastetxearen egoitza berriaren egitasmoa, adibidez, nahiz eta hainbat urtez geldirik egon eta gero berriki egin den tokialdatzea: 2001ean sinatu zuten Bergarako Udalak eta Hezkuntza Sailak ikastetxe berrirako akordioa. Lanbide Heziketako ikastetxe publikoak batzen dituen Ikaslan erakundearen bultzatzaile ere izan zen Larrañaga; Bergarako Altzasu elkartean sortu zuten Ikaslan 1993an, ikastetxeen elkarlana bultzatzeko. Aretxabaleta Lanbide Eskolako zuzendari ere izan zen, eta Eusko Jaurlaritzan ere jardun zuen, Lanbide Heziketarekin lotuta.

"Berak zeukan energiarekin eta bizitzeko eta gauzak egiteko gogoarekin, pena da Jose Mariren galera", adierazi du Joxu Aranak.

Larrañagaren ibilbideari buruz, hark maiz gogoratu ohi zituenez dihardu Aranak: "Zuzendari moduan, berari tokatu zitzaion kalitate ziurtagiriaren gaiarekin lan egitea, eta Miguel Altunak pauso handia egin zuen hor, Espainia osoko lehen ikastetxea izan baitzen, Tolosakoarekin batera, ISO9001 ziurtagiria atera zuena. Eta beti geratu zaio berari horren oso oroitzapen ona".

Jose Mari Larrañagak bihotzean eraman du Miguel Altuna ikastetxea; duela bi urte eta erdi ikastetxeari buruz Goienak egindako erreportaje berezian hala zioen: "Miguel Altuna oso zentro berezia da. Gure harremanak enpresekin oso zuzenak dira. Gehienak dira enpresa txikiak eta ertainak, gehienek dituzte eskolatik irtendako zuzendariak edo tarteko arduradunak. Guk telefonoa hartu, deitu, eta zuzenean gerentea jartzen da, zuzendaria, bueltaka ibili beharrik gabe".

Zentzu honetan, Larrañagak beti gogoratu ohi zuen gauzetako bat da inguruko enpresek eman zuten diruarekin eskolako tailerra berritu zutenekoa. "100 milioiko kontua zen, 2000. urtean. Eta to! 28 enpresa, denek baietz! Hori beste inon ez da egin Euskadin, hemen egin zen. Zergatik? Konfiantza genuelako enpresa buruekin, denak ezagutzen genituen, eta eskolak mantendu egiten du hori", zioen ikus-entzunezkoan.

Miguel Lazpiurren hitzak

Pasarte hori ere ondo oroitzen du Miguel Lazpiurrek: "Etorri zitzaidan tailerrera esanez berak ezin zituela ikasleak gertatu nik nahi nukeen moduan, bitartekorik ez zuelako, makina egokirik ez zuelako. Esan nion ea Eusko Jaurlaritzak-edo ez ote zuen laguntzen, eta erantzun zidan: 'Ni aspertu naiz!'. Komentatzen egon ginen, eta eskatu nion zerrendatzeko ze makina eta bitarteko behar zituen. Bi egunera etorri zen. Behar zituen haiek baloratu nituen nik, eta otu zitzaidan enpresei galdetu geniezaiekeela eta enpreson artean ordaindu. Eta hala egin zen. Jose Mari zuzendari zela egin zen hori".

Lazpiurrek ere pena handiz hartu du Larrañagaren heriotza: "Gauza askotan lan egin dugu elkarrekin, eta nik Jose Marirentzako ditut, bakarrik, berba onak, eredu bat izan da. Bere heriotzagatik baino min handiagoa gutxitan hartu dut nik, oso lagun onak ginen, eta ondo konpontzen ginen elkarri aurpegira begiratuta bakarrik. Oso gizon zintzoa zen, beti gauzak aurrera ateratzeko deseatzen, beti herriaren eta gizartearen onerako".

Lazpiurrek zioen azkena elkarrekin Lorenzo Askasibar eskultorea omentzeko sortutako batzordean hasi zirela elkarrekin. Izan ere, saltsa askotan aritu ohi zen Larrañaga, Joxu Aranak berak ere nabarmendu bezala: "Zen saltsa askotan ibiltzeko pertsona eta gai askotan jakituna, Bergarako historian, perretxiko kontuetan...: eskolan eman izan zuen kurtso bat jubilatuentzako-eta perretxikoen gainean, eta guk eskolan kurtso hasieran langileentzat egin ohi genuen Bergara ezagutzeko ibilaldi batean berak egin izan zuen gidari moduan, gustatu egiten zitzaion-eta".

Jose Mari Larrañagaren aldeko hileta gaur izango da, 19:00etan, Bergarako Santa Marina parrokian.

Larrañaga, ezkerretik bosgarrena, Miguel Altunako zuzendari ohiak omendu zituztenean, urtarrilean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak