Bergarako Udalak ere garatuko du 'Begirada Adia' proiektua

Txomin Madina Milikua 2021ko eka. 10a, 21:15

Aurrerantz Kooperatiba Elkartearekin gaur sinatu duen hitzarmenaren bidez, herriko pertsona nagusien beharrizanei erantzuna eman nahi zaie esku-hartze planak aktibatuz.

Aurretik Arrasatekoak eta Oñatikoak egin bezala, Bergarako Udalak ere bat egin du Begirada Adia: Bakardadearen aurkako komunitate proaktiboak proiektuarekin. Gorka Artola alkateak gaur sinatu du hori horrela izateko hitzarmena proiektua martxan jarri duen Gizarte ekimeneko Aurrerantz Kooperatiba Elkarteko ordezkariekin.

Bergarako biztanleriaren %23,9ak 65 urtetik gora ditu, eta hain zuzen ere kolektibo hori du jomuga Begirada Adia-k. Izan ere, gizarte zibilaren, boluntarioen eta profesionalen "begirada aktiboaren" bidez, herriko pertsona nagusien beharrizanei erantzuna eman nahi zaie, horretarako esku-hartze planak aktibatuz.

Sei hilabeteko iraupena

Adineko pertsonen bakardadeak eta isolamendu sozialak, batez ere bakarrik bizi diren pertsonenak, dakarren erronkari erantzuteko, aktibo dauden eragileen sarea osatu gura proiektuak, bakardade edota isolamendu egoerak edo bestelako arrisku egoerak detektatzeko. Bestetik, identifikatutako pertsona horien eta inguruko beste pertsona batzuen arteko harreman-sare aktiboa ere eratu gura du ekimenak.

Begirada Adia-k, era berean, udalerria mugiarazi nahi du gizarte hauskortasun, bakardade edota isolamendu egoeran dauden adineko pertsonekiko konpromiso baterantz. Hala, "gizarte-antenek" egoera horiek identifikatzen edo antzematen dituztenerako, lan-prozedura bat ezarriko da gizarte zerbitzuetara bideratzeko.

Udalak sinatutako hitzarmenaren arabera sei hilabeteko iraupena izango du proiektuak, hau da, abendura arte luzatuko da. Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundutako ekimena denez, Udalarentzat ez du kosturik izango.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak