Ainhoa Narbaiza: "Jangela kolektiboetan jaten denaren oso portzentaje txikia da bertan ekoiztutakoa"

Miren Arregi Amasorrain 2021ko eka. 7a, 11:15

'Jantoki kolektiboak hornitzeko Debagoieneko plataforma' izeneko proiektuaren baitan, Elika-Bira jardunaldiak antolatu ditu Ereindajanek, D2030ekin elkarlanean.

Eskualdeko jangelak tokiko produktuekin hornitzeko plataforma sortzea da D2030ek lagunduta Ereindajanek martxan jarri duen proiektua. Testuinguru horretan antolatu dituzte Elika-Bira sentsibilizazio jardunaldiak.

- Zer da Jantoki kolektiboak hornitzeko Debagoieneko plataforma izeneko proiektua?

Debagoiena 2030 egitasmo barruan Ereindajan Bergaratik proiektu bat abiatu berri dugu, jangela kolektiboak eraldatzea oinarri eta helburu duena. Alegia, proiektuaren helburua da Debagoieneko jangela kolektiboetan eskualdeko produktuak txertatzea eta horiek eskualdeko produktuekin hornitzea. Proiektuak helburu dauka baita ere agroekologiaren eta elikadura burujabetzaren inguruko lanketa eta elikadura osasuntsuaren gaineko hausnarketa egitea, baita, epe luzera begira, Debagoieneko ekoizpen agroekologikoa handitzeko urratsak egitea.

- Zergatik da beharrezkoa proiektua?

Hau egoera konkretu bati erantzuteko abiatu da, eta errealitatea da gure jangela kolektiboetan jaten denak kilometro asko dituela. Oso urrundik ekarritako janaria da, oso baldintza eskasetan, ez dakigu non ekoizten den eta non prestatzen den. Oso portzentaje txikia da eskualdean ekoizten dena, eta errealitate horri erantzuteko proiektua da.

- Zein puntutan dago une honetan?

Orain arte egon gara eragile sozialen proposamenak jasotzen. Hau da, gai honi begira eginda dagoen ezagutza jaso dugu. Jangeletan zer jaten den, zein kantitatetan, zenbat jangela dagoen Debagoienean, zer-nolako ekoizpena... Horrela jakingo dugu zein borondate dagoen gai honi begira eta zer egin beharko genukeen horri heltzeko. Une honetan, gainera, sentsibilizazio faseari ekingo diogu.

- Proba pilotu bat martxan jartzea ere bada asmoa?

Bai; proiektu pilotua martxan non jarri erabaki beharko dugu. Azken finean, horniketa sistema hori diseinatzea eta, ahal den heinean, martxan jartzea da helburua. Ez dugu lortuko urte baten tokiko produktu pila bat txertatzea, baina bai hornikuntzara begira prozesua abiatzea. Ahal den heinean, prozesu zuzenak bideratu gura dira, salmenta zuzen bidez, sukaldean bertan janaria prestatuta, eta abar.

- Gaur egungo ereduak zein arazo ditu?

Asko aldatu da azken urteetan eredua. Lehen, ekoizleengana gehiago jotzen zen; eta orain, geroz eta eredu industrialagoa dago. Oso urrunetik ekarritako produktuak dira eta jantokiek ez dute erabakitzeko gaitasunik. Geroz eta jende gehiagok jaten du jantokietan, baina kontsumitzaileak ez daki nondik datorren jaten duen hori, zein egoeratan ekoiztu den, ezta non prestatzen den ere. Hori da arazo nagusia, geroz eta eredu industrialagoa dagoela.

- Eskolako jantokiekin lotuta, badago kezkarik?

Egia da jantoki kolektiboen artean mugimendu gehien dagoen eremua eskolena dela. Egia da eskoletako gurasoekin eta hezitzaileekin egon garela eta interesa badagoela, gutxienez, jakiteko nondik hasi behar dugun bestelako eredu batera bidea egiteko. Euskal Herrian interes handia dago kontu honekin lotuta.

- Proiektu potoloa da, gero.

Bai, baina kontsumitzaile moduan badugu ardura korapilo hori askatzen hasteko.

- Sentsibilizazio kanpaina hasi duzue, eskola jantoki eredu berri baten gainean hausnartuz.

Oso polita gelditu da ekintza. Elgetako gurasoak gurekin jarri ziren harremanetan; izan ere, badute jantokien ereduaren bueltako kezka. Bagenekien Bidezko Elikadura eta Gure Platera Gure Aukera izeneko plataforman asko kontrolatzen dutela EAE mailan eskolen eremuan dauden aukerak, araudiak, eta abar... Proposatu genuen ea Elgetan hitzaldia egiteko aukera egongo litzatekeen, eta Elgetako guraso elkartearen eta Ereindajanen artean antolatu dugu familientzako elikadura eskola. Bidezko Elikadura erakundeko Eneko Viñuela izan da hitzaldia egiten.

- Arauek zelan zailtzen dituzte zuen asmoak?

Erabat baldintzatuta dago. Haurren ehuneko oso handi batek eskola publikoetan jaten du eta araudia oso mugatzailea da, eskoletatik bertatik ezin delako erabakirik hartu. Jaurlaritzatik esleitzen da dena. Orain, inflexio-puntu baten dago araudia, eta denok zain gaude, horrek baldintzatuko duelako proiektua bera.

- Ekainaren bukaeran Debagoieneko hainbat etxalde bisitatzeko aukera emango duzue.

Izan ere, kontsumitzaileak eta ekoizleak gerturatzea interesgarri ikusten dugu. Bisita horietan aukera egongo da euren ogibidea ezagutu eta euren ereduaren berri jakiteko. Denak dira ekoizle txikiak, bailarakoak, salmenta zuzen bidez funtzionatzen dutenak; gehienek egin dute eredu ekologikoaren alde. Ekoizleek eurek bertatik bertara gauzak azaltzea interesgarria da, eta etxaldea bera ezagutzea ere bai.

- Noiz egingo da ekintza hori?

Ekainaren 27an egingo da, eta bakoitzak aukeratu beharko du zein etxalde bisitatu. Mendibitzu (Aretxabaleta), Errastiko (Arrasate), Ziarreta (Bergara), Atxineta (Aramaio) eta Iturrieta (Aramaio) dira aukerak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak