Lorenzo Askasibar eskultorea omendu dute, Beart egunean

Uxue Igarza Loiola 2021ko eka. 6a, 18:04

Beart, arte plastikoak babestu eta hedatzeko konpromisoarekin jaiotako elkarteak bere urteroko eguna ospatu du gaur: Beart eguna. Goizean, azoka jarri dute Irala kalean, eta ondoren, Lorenzo Askasibar eskultore elgetarrari omenaldia egin diote, udaletxeko pleno aretoan.

Artista bergararrek beren artea kalera zabaldu dute gaur. Azoka egin dute, lanak erakutsi eta saltzeko. Teknika, kolore eta belaunaldien arteko nahasketak, pozik utzi ditu bertatik igaro diren bisitariak. Artistek, berriz, sentipen zurrunbiloa izan dute gaurkoan; atzoko egunez herriko bi margolari eta lagun zendu baitziren: Miguel Okina eta Joxe Mari Agirre Zenitagoia.

Omenaldia, Askasibarri

Azokaren ostean, Lorenzo Askasibar eskultore elgetarra omendu dute udaletxean. Bergaran hasi zen artean murgiltzen, eta eskultura eta pintura landu ostean, Bilboko Berreginen Museoan ikasi zuen. Ondoren, Estatu Batuetara joan eta bertan egon zen 70eko hamarkada hasierara arte. Egun, Gasteizen dauka tailerra eta egunero joaten da bertara, irakurtzera eta arteaz gozatzera.

Estilo naturalista klasikoa landu izan du elgetarrak, eta sarri gainerakoak omentzeko artelanak egin izan ditu; gaurkoan, baina, berari tokatu zaio omendua izatea. Lagun, artista eta senitartekoz inguratuta jaso ditu bergararren esker onak. Gorka Artola alkateak azaldu duenez, "artista bikaina" izateaz gain, "umila, gertukoa eta pertsona ona" da elgetarra. Eta Bearteko presidente Karlos Galarragak, berriz, "huts egiten ez duena" bezala definitu du eskultorea.

Askasibarri hitza eman diotenean, 17-18 urterekin emandako lehenengo pausuak ekarri ditu gogora, eta esker onak ematen bukatu du ekitaldia. "Oso eskertuta nago bizitzan topatu ditudan lagunengatik, eta batez ere nire emazte Kontxirengatik. Eskerrik asko, Kontxi".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak