Miguel Angel Elkoroberezibar idazleak, Lorenzo Askasibar eskultoreak, Gorka Artola alkateak eta Xabier Agirre margolariak bat egiten dute, eta, besteak beste, Okina maisuaren lanak herriaren ondareari sekulako balioa eman diola azaldu dute. Lorenzo Askasibar omentzeko gaur egin den ekitaldian ere Okinari eskainitako hitzak ez dira falta izan; Askasibarrek berak ere hunkituta hitz egin du bere lagunari buruz.
Eta Bearteko presidente Karlos Galarragak, kamera aurrean ez bada ere, hitz ederrekin oroitu du Okina: "Maisu bat izan da guretzat, seguru asko Simon Arrietaren ikaslerik onena, eta guretzat erreferente handia. Bergaran oso ezaguna izan da, etxe guztietan dago bere koadroren bat. Kasualitatea, gaur duela lau urte egin genion omenaldia. Beti izango da erreferente bat, eta beti izango du ohorezko leku bat".