Gorka Ugalde: "Kantxako zikloa amaitu zait, baina badakit familia hau ez dudala lagako"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko eka. 6a, 08:32

Ugalde, Labegaraietan, asteon, 2006-2007 denboraldiko ordezko kamisetarekin.

23 denboralditan Soraluce BKEko elastikoa harro izerditu ostean, maiatzaren 29ko partiduaren ostean esan zion agur eskubaloiari Gorka Ugaldek (Bergara, 1986). Komandante Che Bergara ezizena erdi brometan jarri zioten taldeko gazteenek, haientzat erreferente ukaezina izan den seinale: "Labegaraietan ordu asko egingo ditut oraindik ere, hori ziur".

Labegaraietako kiroldegiko kafetegian GOIENArekin izandako solasaldia esker on mezuekin amaitu du: "Beti egongo gara Josetxori [Muniategi] eskertuta, klubagatik egiten duenak ez duelako preziorik. Arazo bat izango dugu delegatu gabe kluba uzten badu...".

Zergatik erabaki duzu erretiratzea?

Kantxako zikloa amaitu dela sentitu dut. 2019ko maiatzaren 12an, lehen territorialetik bigarren nazionalera igotzeko fasean, nire ibilbideko lesio aipagarriena izan nuen, sorbalda atera nuen-eta partidu baten. Lesio haren ostean lagatzekotan egon nintzen, baina beti nabilenez hemen [Labegaraieta kiroldegian] eta Josetxok proposatuta berriro hasi nintzen... konfinamendua iritsi zen arte. Iritsi da ordua, adinean ere aurrera goaz...

Zaila izango zen erabakia hartzea...

Oso. Neska-lagunak, adibidez, animatu egin nau beste urtebete jarraitzera, baina ez dut egoera luzatzearren luzatu nahi izan. Publikorik gabe jokatzen laga behar izan dut, baina zikloa ondo itxi izanaren sentsazioa daukat. Duela bi urte lesionatuta nengoen, iazkoa ez zen denboraldi bat izan eta aurten, sikiera, denboraldi osoa jokatu dut.

"Partidua amaitu baino bost minutu lehenago hutsartea eskatu zuten txalo zaparrada bat eskaintzeko. Pankartak ateratzen hasi ziren... Asko hunkitu ninduen, oso polita izan zen"

Espero gabeko sorpresa eta guzti...

Bai... Partidu aurretik ez nuen ezer esan, ez nuelako nahi partidua baldintzatu, baina Josetxok bazekien, COVID-19rako arduradunak ere bai... Josetxo bera ezin izan zen kantxan egon egun hartan, baina abisua pasata zeukan: partidua amaitu baino bost minutu lehenago hutsartea eskatu zuten txalo zaparrada bat eskaintzeko. Pankartak ateratzen hasi ziren... Asko hunkitu ninduen, oso polita izan zen.

Ugalderen azken partiduaren osteko talde argazkia.

Fuerteflojuetan ere aditua zara. Ez dakigunondako... zer da?

Atezainari baloia indartsu bota behar diozun itxura egin eta gero, baloia leun bota baloia doi-doi sar dadin. Adinean aurrera egin ahala gehiago erabili dut teknika hori, eta nahiko ondo atera izan zait. Fisikoki ez gara ginena eta beste teknika batzuk garatu ditugu; kar, kar.

Ze urte gogoratzen duzu, bereziki?

2006-2007 denboraldia sekulakoa izan zen. Belaunaldi bereko jokalari talde ederra izan genuen; lehen territorialeko ligako partidu guztiak irabazi genituen, bat izan ezik, igoera fasean ere aurkariak birrindu genituen... Gipuzkoako Txapelketa irabazi ostean, Bizkaiko eta Arabako onenekin batera sei taldeko ligaxka bat jokatu genuen eta hori ere irabazi egin genuen. Bigarren nazionalera igo gineneko urte hartan izugarri gozatu genuen.

Beste denboraldi aipagarririk?

2012an, bigarren nazionalean geundela, lehen itzulia bigarren bukatu genuen, sekulako maila ematen. Baina, bat-batean, hainbat lesio larri izan genituen eta sekulako gainbehera izan genuen. Lehen itzulian igoera fasea jokatzeko aukerak izango genituela pentsatzetik ia maila galtzera pasatu ginen. Gainera, urte hartan taldearen bizkarrezurra zena desagertu egin zen.

"Auzolana eta konpromisoa oinarri dituen familia bat da Soraluce BKE"

Zer da Soraluce BKE zuretzat?

Auzolana eta konpromisoa oinarri dituen familia bat. Lagun pila bat egin ditut; azken urteetan ni baino askoz gazteagoekin ibili naiz eta sekulako harremana garatu dut. Ez dakit zertan arituko naizen laguntzen, baina badakit ez dudala familia hau lagako. Sei edo zazpi urtez aritu naiz entrenatzaile, zuzendaritzan ere laguntzen aritu naiz... Labegaraietan ordu asko egingo ditut oraindik ere, hori ziur.

Ze etorkizun ikusten diozu klubari?

Neska mordoa ditugu beheko mailetan, eta hori oso pozgarria da, baina bete behar dugun erronka da senior mailako taldea ateratzea. Mutiletan ere pixkanaka heltzen dira senior mailara, eta pena handia litzateke bi taldetik bakarrera pasatzea. 

 

Lehen territorialeko Euskadiko onenak

Euskadiko Txapelketa irabazi osteko talde argazkia, 2007an.

2006-2007 denboraldia izan zen Ugalderen ibilbideko onena: "Itzela izan zen urte hura, izugarri gozatu genuen. Kantxan sekulako maila eman genuen, guk ere espero ez genuena; lagunak ginen, eta hori ere igarri zen. Azken partidu hartan giro ederra izan zen harmailetan".

 

Jokalarien maisuak laga gaitu

Erabaki du ez dituela berriro jantziko galtza motzak. Denboraldiko azken partidua lehiatu ondoren esan zuen agur, bere modura eta estilora, zarata handirik atera gabe eta diskrezioarekin. Ia lortu zuen bere helburua, baina taldeak ez zion laga; taldeko liderra agurtzeko unea zen eta ezin zen izan beste denboraldi bateko azken partidu bat. Hori ez. Jokalari guztien maisua, beti laguntzeko prest eta akatsak lasai zuzentzeko, partidu bukaeran gaizki jokatu duenari hitz positiboak esateko beti gertu. Erasoko jokalari ausarta, kontraerasoa eta joko bizkorra maite zituena; gol asko egiten zituenean seinale ona zen guretzat, partidua poltsikoan genuen adierazle zen. Eta hirugarren zatiko maisua ere bazen; taldeko giroa lantzen aparta, guztiok norabide berean arraunean jartzen espezialista zen. Baina badakigu taldetik gertu egongo dela, galtza luzeekin orain, baina beti bere ikuspuntua ematen eta jokalari gazteen makila izaten momentu txarretan. Espero dugu beste urte mordo bat egotea, kantxaren beste aldean bada ere. Zorionak, Ugalde, eta zorionak Bergarako eskubaloi taldeari, horrelako pertsonak izateagatik!.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak