Koldo Lasa: "Inork jarraitu nahi badu, prest nago laguntzeko"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko mai. 30a, 08:47

Koldo Lasa, jatetxe barruan, 2020ko ekainean.

1994ko iraila ezkero Lasako arduradun izan den sukaldari ezaguna erretiratu egin da, eta, etxean erreleborik izango ez duenez, ez daki zer gertatuko den jatetxearekin.

Etxekoek jarraituko ez dutela ziurtatuta eta erretiroa hartzeko erabakia hartu berri duela, Koldo Lasarekin amaituko da hiru belaunalditan zehar Bergarako eta Debagoieneko sukalde-familia esanguratsuenetako baten ibilbidea.

Hasteko eta behin: nola zaude?

Egoera bitxia da, baina ondo nago. Ia 70 urte ditut, eta ez nago 50 urterekin moduan. Zaila izan da erabakia hartzea; hori bai, jatetxearekin inork jarraitzeko asmoa badu, prest nago ahal dudan heinean laguntzeko eta nire esperientzia partekatzeko.

Erreleborako aukerarik badago?

2019rako erretiratzeko asmoa banuen eta bazegoen erreleboa hartuko zidan pertsona bat. Baina pandemia etorri zen eta dena joan zen pikutara. Hala ere, jatetxea egoera ezin hobean dago besteren batek har dezan; 2007an, tabakoaren kontrako legea zela-eta aire girotu berezi bat jarri nuen, pertsona kopuruen araberako ke-kontrolatzaile batekin. Pandemian eskatzen hasi diren jatetxe barruko CO2 maila kontrolatzeko araua botoi bat sakatuta bakarrik bete daiteke, esaterako.

"Kezkatu egiten nau ohitura aldaketak, gero eta joera handiagoa izango dugu-eta etxean geratzeko"

Fase barri bati ekiteko unea da orain. Zeintzuk dira zure planak?

Agenda beteta izango dut, ziur. Sukalde kontuetan gertu nago nahi duenari ahal dudanean aholkatu edo laguntzeko. Musikari dagokionez, badaukat zer egin: zeharkako flauta, txistua eta gaita galiziarra jotzen hobetu nahi dut, adibidez. Ordenagailuekin eta teknologia berriekin dudan harremana ere hobetu beharrean nago, inbaditu egin behar gaituztelako eta gertu egon beharra dagoelako. Ingelesari eta frantsesari berriro ekiteko unea ere izango da... Denbora librerik ez dut izango apenas.

Noiztik egungo jatetxeko arduradun?

Eraikina berritzeko lanak egin ostean, 1994ko irailaren 10ean ireki nuen jatetxea. Lasa zaharrean aritu izan nintzen, nire izebak arduradun zirela. Orduan, jendeak beste era batera gastatzen zuen dirua; ez zegoen asteburutan horrenbeste irteteko ohiturarik, eta egubakoitzetan eta zapatuetan topera aritzen ginen. Gutxika, ohiturak aldatzen joan dira; jendeak ondo pasatzea edota bidaiatzea lehenesten du ondo jatea baino. Dena den, ezkontza, komunio eta beste ospakizunetarako buru-belarri aritu izan gara azken urteetan.

Pandemia iritsi zen arte...

Izugarria. Hasieran, erreserba gehienak atzeratu egin genituen aurrerago gauzatzeko, baina larregi luzatu da; horregatik erabaki nuen aurrerakin guztiak bueltatzea eta dena gelditzea.

Nola bizi izan duzu pertsonalki?

Desastre hutsa izan da. Erakundeetatik jasotakoa ez da laguntza bat izan; galdu duguna ikusita, ez da limosna batera ere heldu. Denbora asko pasatuko da ostalaritzak pandemia aurretik bizi zuen egoerara itzultzeko. Nire kezka handienetako bat da alarma egoerak ohiturak asko aldatu dituela; gero eta joera handiagoa dugu etxean geratu eta kalera ez irteteko...

Kalitatearen sinonimo izan da Lasa.

Kalitatea eta zerbitzu ona izan dira gure arrakastaren oinarria. Eraikina bera ahaztu barik, ondare handikoa da eta.

Zer galduko du herriak Lasa barik?

Bailarako jatetxeen artean erreferente bat izan gara. Lasa moduan jarraituko ez badu ere, espero dut besteren batek hartzea eta eraikina aprobetxatzea. Lehen harreman bat egin nuen Udalarekin eraikinari beste erabilera bat emateko, baina, oraingoz, ez dute interesik agertu. Pena handia emango lidake horrenbeste urtetako lanaren eta inbertsioen emaitza den eraikina erabilera barik galtzen ikusteak.

Azken mezu bat helarazi nahi duzu?

Eskerrak eman nahi dizkiet urte hauetan guztietan ondoan izan ditudanei. Egun gutxitan hainbat mezu jaso ditut, eta babes eta maitasun hori bueltan bidali nahi diet; egongo gara, oraindik luze bizitzeko asmoa daukat eta!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak