Hegazkin: sintetizadoreen 'abioia', hegaldiari ekiteko gertu

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko mai. 28a, 11:31
Iosu Isaias Villanueva 'Isuo' eta Alayn Carazo. (Argazkia: Aritz Ormazabal Barrios).

Bergara eta Urretxu-Zumarraga artean sortutako Hegazkin taldeak Seminarixoan joko du ekainaren 3an (19:00); 'Haize beltzak' diskoa labetik atera berri dutela, hiru emanaldi lotu dituzte: "Ez dago elektronika-zalea izan beharrik; zatoz, eta latz gozatuko duzu".

Urretxu-Zumarraga eta Bergara artean sortutako Hegazkin taldeak asteburu honetan abiatuko du hegaldia. Haize beltzak diskoa labetik atera berri, hiru kontzertu lotu dituzte: gaur, Zarauzko Putzuzulo gaztetxean (19:30) joko dute lehen kontzertua; ekainaren 3an, Bergarako Seminarixoan (19:00) egongo dira –sarrerak salgai daude dagoeneko www.seminarixoa.eus-en–; eta ekainaren 11n, Urretxu-Zumarragako Zelai-Ariztin (20:00). Alayn Carazo Iturriagak (Bergara, 1987) eta Iosu Isaias Villanueva Castro Isuo-k (Zarautz, 1987) osatzen dute Hegazkin.

Sintetizadoreak dituzte oinarri: "Askotariko soinuak ateratzeko gai dira eta esperimentatzeko aukera asko eman digu. Bi urtez aritu gara lanean disko honetan eta lehen urtea gure estiloa definitzeko izan da. Erritmo eta baxu sendoekin ahots melodikoa nahastu dugu eta oso pozik gaude emaitzarekin".

Synth popa eta trip hopa lantzen dutela diote: " Synth popa 80ko hamarkadan gogor jo zuen musika estilo bat da, popa eta elektronika nahasten dituena. Trip hopa, aldiz, 90eko hamarkadan Bristolen sortu zen elektronika genero bat da, non erritmo motelak diren nagusi. Massive Attack da estilo horretako talde nagusia".

Aurkitu bitartean, soinuaren bila

Sorrera ulertzeko, Eyharts taldeak 2018an Urretxuko KuBeats jaialdian emandako kontzertura bidaiatu beharra dago: "Isuo-ri asko gustatu zitzaion Alaynek ateratzen zuen soinua, eta elkarrekin zerbait egitea proposatu zion. Alaynek baiezkoa eman zuen".

Hegazkin: "Bagenuen susmoa zerbait ederra egin genezakeela elkarrekin, baina ez genekien zer nahi genuen, eta ezta nola egingo genuen ere.

Orduan hasi zen abentura, nahiz eta hasiera ez zen erraza izan: "Bagenuen susmoa zerbait ederra egin genezakeela elkarrekin, baina ez genekien zer nahi genuen, eta ezta nola egingo genuen ere. Denbora eman genuen elkar ezagutzen eta bidea topatzen. Hasierako grabazio guztiak alde batera uzten genituen. Eta, azkenean, gustuko soinu batzuk lortzen hasi ginen, horiei forma ematen, erritmoak eta moldaketak fintzen, ahots melodiak eta letrak osatzen... Eta, bitartean, gure arteko laguntasuna ere sendotu egin zen".

Borrokan taldearen abesti batetik

Hegazkin du izen taldeak, "izugarri" gustatzen zaien Borrokan talde beratarraren abesti baten izenburutik datorrena: "Kristoren kantutzarra. Aritz Ormazabalek –diskoaren diseinua egin duen laguna– ere oso gustuko du eta elkarrekin kantatu izan dugu parranda amaiera hunkigarrietan. Zuzenean entzuteko aukera ere izan dugu, eta espero berriz ere izatea. Aupa Borrokan!".

CD formatuan salduko dute kontzertuetan eta www.mukuru.eus webgunean ere entzuteko aukera egongo da

Sei abestiz osatutako diskoarekin egingo dute debuta. CDa salduko dute kontzertuetan eta oraindik zehazteke dituzten beste "zenbait puntutan", eta, bestetik, formatu digitalean entzuteko eta deskargatzeko aukera egongo da www.mukuru.eus webgunean, erabiltzaile bakoitzak nahi duena ordainduta. "Euskal Herriko musika talde eta bakarlari batzuek osatzen dugun kolektiboa da Mukuru. Musikaren mundu indibidualista eta lehiakorrean, horizontaltasuna eta babesa bilatzen dugu".

"Bidaide bikainak" dituzte

Tripulazioko komandanteak Alayn eta Isuo badira ere, "bidaide bikainak" dituzte, hala nola Ander Bolibar Zabala, Ander Barriuso Muñoa, Aritz Ormazabal Barrios, Jokin Guridi Urrutia, Idoia Hernandez Toledo eta Mikel Arriaran Iraeta. "Ikaragarri eskertzen diegu laguntza!", diote.

Gonbidapena eginda dago, beraz: "Ez dago elektronika-zalea edo Bristolgo eszenan aditua izan beharrik. Zatoz, eta latz gozatuko duzu. Harritu egingo zarete gure soinu, jarrera eta emozio jarioarekin. Argi ibili!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak